Itxi

Dolua

Azken agurra Enrique Morente abeslariari

Erredakzioa

Jendetza bildu da Madrilgo SGAEren egoitzan jarri duten hil-kaperan, tartean senideak, lagunak eta flamenko munduko kideak. Astelehenean zendu zen Enrique Morente, 67 urte zituela.

Musika eta kultura munduak azken agurra eman dio Enrique Morente abeslariari. Madrilgo SGAEren egoitzan jarri dute hil-kapera, eta bertan izan dira abeslariaren senideak, lagunak eta flamenko munduko kideak. Besteak beste, Alejandro Sanz, Paco de Lucía, José Merce, Eva Amaral, Juan Aguirre, Kiko Veneno, Carmona familia, Rafael El Brujo, PilarBardem, Jorge Drexler, Javier Krahe, Pepe de Lucía, Arcángel, MiguelPoveda, Antonio Orozco, Pitingo, Tomatito, Niño Josele, Javier Limón,Queco, Almudena Grandes, Víctor Ullate, Rosario, Lolita, eta TicoMedina hurbildu dira bertara, artistari azken agurra ematera. Atzo zendu zen Morente, 67 urte zituela.

''''Sortzaile handia izan da, sustraietatik edan baina aldi berean berritzen jakin duena'''', esan du Ángeles González-Sinde Kultura ministroak hil-kaperan bertan.

Asteazken goizean Granadara egingo du bidaia Morenteren hilotzak, eta bertan ere jarriko dute hil-kapera, Isabel la Católica antzokian.

Garun-heriotza egoeran zegoen igandetik, ebakuntza baten osteko arazoek eraginda, eta azkenean astelehen arratsaldean zendu zen. Abenduaren 4an ebakuntza egin zioten Madrilgo Luz klinikan, ultzera baten ondorioz. Bi egun geroago, zainketa berezien unitatera eraman zuten, eta hilaren 6an beste ebakuntza bat egin zioten. Egoera "oso larria" izan du azken egun hauetan.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak dolumina adierazi die Enrique Morenteren familiako kideei. Abeslariaren ''''karisma pertsonala'''', ''''ahots paregabea'''' eta ''''sorkuntza indarra'''' azpimarratu ditu, eta Morente ''''flamenko unibertsalaren sinonimo dela eta izango dela'''' ere gaineratu du.

Granadako Albaicín auzoan jaio zen, eta abenduaren 25ean 68 urte bete behar zituen. Flamenko munduan artista berritzailea genuen Morente, eta etengabe aritu zen adierazpide berrien bila. Arte Ederretako Urrezko Dominarekin saritu zuten abeslariaren grina bizi hori. Aurora Carbonell dantzariarekin ezkondu zen, eta hiru alaba izan zituzten. Estrella Morente abeslari ezaguna da bere alabetako bat.

Albisteak (3)