Elkarrizketa
The Soulbreaker Company: 'Maite duguna egiteko beste aukera bat da disko bakoitza'
Natxo Velez | eitb.eus
Gasteizko taldeak azaroan kaleratuko du “Sewed With Light” seigarren diskoa, Kalifornian grabatutakoa. Jony Moreno taldeko kantariarekin hitz egin dugu.
The Soulbreaker Company gasteiztar taldeak beste maila batera eraman zuen psikodeliaren eta soinu progresiboen oihartzunez jantzitako bere rock klasikoa “La lucha” (Alone Records, 2016) bosgarren diskoan, eta estilo horretako erreferente argi gisa aurkeztu zituen lan horrek Espainiar Estatuan, publikoaren eta kritikarien oniritzia bereganatuta.
<a href='http://thesoulbreakercompany.bandcamp.com/album/la-lucha' _mce_href='http://thesoulbreakercompany.bandcamp.com/album/la-lucha'>La Lucha by THE SOULBREAKER COMPANY</a>
Uda honen amaieran disko horren zikloa ixtear daudenean (udan, jaialdi batzuetan aurkeztuko dute oraindik), seikoteak aurrera begira jarraitzen du, eta seigarren diskoa grabatuta dauka dagoeneko. Maiatzean egin zuen lan hori, Kalifornian.
Jony Moreno taldeko kantariarekin hitz egin dugu, The Soulbreaker Companyren seigarren diskoa izango denak zer ekarriko digun jakiteko.
Diskoak atzerrian grabatu ohi dituzue (Madril, Gales, Ingalaterra…), eta oraingoan Louder estudiora joan zarete, Kaliforniara, “La lucha” nahasi zenuten toki berera. Zer dela eta? Zeren bila ari zineten?
Beti egoten da arrazoi bat baino gehiago kanpoan grabatzeko, eta esperientzia bera alderdi musikala bezain garrantzitsua da ia. Talde gisa esperientzia bat bizitzeko aukera ematen diguten tokiak bilatzen ditugu. Gainera, aipatu duzun bezala, Tim Greenekin lan egin genuen lehenago ere, eta asko gustatu zitzaigun egin zuena.
Grabatu behar genuela erabaki eta gero, horren estudioa ikusi genuen, eta izugarrizko itxura zuen: mendi artean, Kalifornia ipar-ekialdeko herri galdu batean. Grabatzeko orduan behar genuen guztia zuen.
Gainera, asko gustatzen zaizkigun hainbat talde grabatu ditu (Six Organs of Admittance, Sleepy Sun...), eta analogikoan grabatu ahal zuen, guk aukera gisa generabilen ideia.
Zelakoa izan da bertako lana?
Eguerdian hasten ginen grabatzen, eta gauera arte egoten ginen. Zuzenean grabatzen dugu beti dena, denok batera jotzen, ahotsak izan ezik; horiek geroago sartzen ditugu. Maketa bat bidali genion aurretik Timi, eta, zer eskatu behar genion ondo zekienez, oso azkar grabatu genuen.
Timek ez dizkio gauzei mila buelta ematen, eta hori ikaragarri gustatzen zait. Buelta pare batean, nahi zenuena atera behar zenuen.
Atsegin duzue estudioan inprobisatzea edo orpoz orpo jarraitzen diozue aldez aurretik landutakoari?
Oro har, dena oso landuta egoten da joan aurretik, baina gure disko guztietan beti aldatu dugu zerbait estudioan, soinuan edo jotzeko moduan. Oraingoan ere hala izan da; hoberako, espero dugu.
Nolakoak dira grabatu dituzuen abesti berriak?
Misterioa izaten da beti. Gustatzen zaigunarekin fidel jokatzen dugu, noski, baina masterra bukatuta dagoenean eta diskoa editatzen ari denean hasten zara argitzen “nolakoak” diren kantuak.
Oraintxe bertan, bi gitarra, baxu bat, bateria eta sintetizadore asko daude. Nahasten dugunean ikusiko dugu nora jotzen duen.
Zer toki aurreikusten diozue disko honi taldearen ibilbidean?
Guretzat, disko bakoitza gustatzen zaiguna egiteko aukera berri bat da. Maite dugu biran ibiltzea. Gure ikuspuntutik, oporraldi laburrak dira kontzertuak. Aurten Europan aurkeztu ahal izatea espero dugu; izan ere, hamar eguneko bira ixtear egon ginen, baina pikutara joan zen azken orduan.
Berezia da AEBn grabatzea bertako soinuen eragin nabaria duen talde batentzat?
Seguru asko, taldekide bakoitzak gauza ezberdin bat esango dizu horri buruz, esperientzia bi norabidetan bizi izaten baita, musikaren eta emozioen mailan.
Musikari dagokionez, estudioa ikaragarria iruditu zait, toki paregabean, eta Timekin harreman zoragarria izan dut, baina hori grabazio guztietan gertatu zait; AEBn izateak ez dit ezer berezirik eman musikari gisa. Estudio batetik espero dudana da gure kantuei ahalik eta soinurik onena ateratzea, bertan edo beste edonon.
Emozioei dagokienez, eta kultura anglosaxoiaren jarraitzaile gisa, batik bat nerabezaroan, uholde bat izan da, eta uste dut horretan denok gatozela bat.
Kaliforniako musika panorama dastatzeko aukerarik izan duzue?
Gu Grass Valleytik gertu geunden, San Frantziskotik bi ordu eta erdira dagoen herrixka batean, ipar-ekialdean. Grabatzen ari ginen bitartean ezin izan ginenez oso urrun joan, herri batean bezala bizi ginen: ohiko zinema aretoa, ohiko etxeak, ohiko garagardoak goizeko hamarretan… Baina ez genuen kontzerturik ikusi.
Grabatu eta gero, apur bat gehiago ikusi genuen, baina mitomano eta turista gisara, musikari begiratzen baino gehiago. Berton nekez ikus daitezkeen taldeak ikusten saiatu ginen, baina ez horrenbeste Kaliforniako musika giroa.
Noiz entzun ahalko dugu grabazio horren emaitza?
Diskoa azaroan kaleratuko dugu, dena ondo bidean. Diskoetxea aldatu dugu, eta Underground Legends Recordsek zabalduko du, CDan, LPan eta ohiko plataforma digitaletan.
Ilusioz gaude, eta baliteke udan single bat ateratzea, bira prestatzen hasi aurretik.
Zer asmo dituzue zuzenekoei begira?
Penintsula osoan aurkeztu eta Europan kontzertuak lotu nahi ditugu. “La lucha”ren inertzian gaude oraindik, eta hainbat jaialditan joko dugu uda amaierara arte. Gero, “Sewed With Light” aurkezteko bira abiatuko dugu. “La lucha”rena bezain luzea izango da.