EKEren elkarrizketa
Xabi Etcheverry: 'Musikak eta kulturak aniztasuna behar dute'
Erredakzioa / EKE
Xabi Etcheverry-k biolina eta mandolina jotzen du eta kantatzen hainbat taldeetan, estilo ezberdinetan. Urtarrilean, euskal artistei eta kultur guneei idekitzen den TOPO sarean parte hartzen du ere.
Hamahiru urtez errepertorio klasikoa ikasi ondoren Baionako kontserbatorioan, Xabi Etcheverryk (1988, Baiona, Lapurdi) plazer hartzen du musika jotzean eta kantatzean, estilo ezberdinetan (izan euskal ala irlandar doinuetan edo rock-metalean). Ttipitatik, Euskal kulturan murgildurik dago, Leinua konpainian. Kultura aniztasun horretan badabil plazaz plaza eta eszena tokietan.
Ikasle
Xabi Etcheverry: 22 urte ditut, Baionan sortua. Aita Behorlegi Intxauspekoa da eta ama Aldude Mentakoa. Ikasketak segitu ditut lehenik Baionan eta Angelun. Hotz-beroan BTSa ukan ondoren, Usurbilera joan naiz elektrizitatea ikastera. Han, energi berriztagarriak gustatu zaizkit eta orai, Tarbesen lizientzia profesional bat pasatzen ari naiz.
Hamahiru urtez Baionako kontserbatorioan
Bizi gira kontserbatorio ondoan. Hurbiltasunagatik, musika tresna guziak aurkezten zituzten ate idekitze egunetan parte hartu nuen. Gehien gustatu izan zautan tresna biolina izan zen.
6 urtetan hasirik, 13 urtez ikasi dut biolina jotzen Schlich polones erakaslearekin, estilo klasikoan, ez baita beste aukerarik kontserbatorioan. Egia erran, laster desbideratu nintzen.
Leinua konpainian, euskal musikan eta dantzan murgildua
Familia euskalduna izanik, betidanik euskal musika entzuten genuen etxean, Benito Lertxundi eta holako kantariak. Biolina jotzen hasi nintzelarik, hasi nintzen ere euskal doinu horiek jotzen. Musikarekin batean, dantzan hasi nintzen 7 urtetan Hiriburuko Leinua dantza eta musika taldean.
16 urte bete nituelarik, Leinuak "Hirubibat" dantza ikusgarria muntatu zuen. Horretarako musikari talde bat osatu behar zen. Roger Goyeneche koreografoak proposatu zautan Leinuako txarangan parte hartzea. Hasi nintzen mutxikoak jotzen eta trebatzen "Hirubibat" ikusgarrian musikari izaiteko. Geroztik, aunitz maitatu izan dut biolina jotzea dantzarentzat. Euskal kulturan bereziki, musika eta dantza beti lotuak izan dira. Bi arlo hauen ezagutzea beharrezkoa da. Roger Goyeneche, Leinuako koreografoa, maisu on bat da sail horretan, bere jakitate handia sinpleki erakusten daukuna.
CEL3 taldean, irlandar musika
CEL3 taldean hasi naizelarik, lehen aldiz igo naiz eszenara. Ordu arte, dantza ikusgarrietan bigarren planoan nintzen. Nahiz lehen planora pasatzea ez den sekulan ene helburua izan, CEL3-en bidez aitzinera puxatua izan naiz, herabetasuna alde batera utziz, irlandar musikan biolinak leku berezia baitauka. Dominic Earl eta Christophe Duguet-k osatzen duten taldeak hamar urte bete ditu 2010ean. Christophek galdegin zidan heiekin jotzea 2008an. Estudioko mundua ezagutu dut ere CEL3ekin, KDa bat eta DVD bat grabatu baititugu.
Folk rock estiloa ''''Begiz Begi'''' taldean
Patxi Amulet ezagutu nuen duela laupabost urte. Berak ere musika bizitzen du, ene inguruan ezagutzen ditudan musikariak bezala, gauzak sortzea beldurrik ez dutenak. "Begiz Begi" taldean, bi izanik, askatasun musikala badugu, ari gira konposatzen estilo desberdinak zeharkatuz, batez ere Folk rock estiloan.
2008an, Baionako "Maimorables" festibala kari, musikari gazteen lehiaketaren saria irabazi genuen. Ez ustekoa izan zen guretzat Baionako antzokian, talde onak baitziren lehian!
Maketa egin genuen eta horri esker gure ezagutza hasi zen zabaltzen.
Zezenaren Taldea
Jotzen dut ere Zezenaren Taldean. Beste lagun batzuekin, proiektu ero bat burutu genuen. Hastapeneko lau lagunek nahi izan zuten taldea handitu eta haien musika punky boltxebikoan antzerkia sartu. Pauline Lafitte eta ni sartu ginen. Ikusgarri bat sortu genuen Emir Kusturica-ren eta Goran Bregovic-en musikak berriz hartuz. Kontzertu andana bat eman ondoren, ari gira orai konposatzen.
Estilo ezberdinen aniztasuna
Parte hartzen dut ere Suhuskuneko Totem, Post hard core taldean eta Trikili trakala, dantzaldi ibiltaria taldean. Jendeak ardura galdetzen dautate nolaz hainbeste estilo desberdinetan aritzea plazer hartzen dutan. Batzuek nahiago dituzte giro lasaiak, Totem edo Zezenaren Taldearen estilo basatia baino. Bestetik, rock zaleek ez dute ulertzen nola plazer hartzen ahal dutan, adibidez asteburu berean, giro handiko kontzertu bat joz eta biharamunean mutxikoak emanez. Pentsatzen dut musikak eta kulturak aniztasuna behar dutela.
TOPO egitasmoa
TOPO egitasmoa euskal kultura ezagutzeko eta komunikatzeko sare bat da, arlo desberdinak dituenak. Mathieu Vivier-ek asmatu proiektua da, ondu duguna eta erabiltzaileek aberastuko dutena, agian. TOPOren helburua da bakoitza bere inguruko ekitaldietaz interesatzea, Euskal Herriko kartografia, kultur agenda eta norberaren perfilea osatuz.
www.topopass.com gunean, dantza mota ezberdinetako taldeek, estilo ezberdinetako musikariek, kultur guneek, haien orria ukanen dute, informazioa zabaltzeko.
Urtarril honetan Topo egitasmoa zabalduko da talde guzieei, haien orria sor dezaten, ondotik apirila-maiatzan publiko zabalari idekitzeko asmoz.
Biolin erakasle euskalduna
Mementuan, ikasketak burutzen ditut. Maite dut ere Leinuako txarangan musika erakustea Sébastien Paulinirekin, nahiz ez dutan nahi nukeen bezainbat hastirik horretarako. Etorkizunean, nahi nuke biolina erakutsi, ahalaz euskaraz.