Kontzertu bira
EGO Gazte Orkestrak Stravinski eta Rakhmaninov interpretatuko ditu udako denboraldian
eitb.eus
Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertuak emango ditu uztailaren 21etik 24ra Hondarribi, Gasteiz, Donostia eta Bilbon.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Igor Stravinskiren "Suzko txoria" (1945eko suitea) eta Serguei Rakhmaninoven "Pianorako eta orkestrarako 2. kontzertua" interpretatuko ditu udako denboraldian. Arduradunek nabarmendu dutenez, panorama sinfonikoko "edertasun eta zailtasun handieneko programetako bat" da musikari gazteek interpretatuko dutena.
Udako denboraldi honetan, lau kontzertu emango ditu EGOk: lehena, Hondarribiko Itsas Etxea auditoirumean, larunbatean, uztailak 21. Ondoren, orkestra gazteak Gasteizko Principal Antzokia, Donostiako Kursaal eta Bilboko Euskalduna bisitatuko ditu, hilaren 22, 23 eta 24an, hurrenez hurren. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.
Kontzertuak prestatzeko, EGOk egonaldia hasi zuen larunbatean, uztailak 14, Eibarko hezkuntza gunean, Juan José Ocon zuzendari artistikoaren gidaritzapean. Irakasleak izango dira: Catalín Bucataru eta Christian Ifrim (biolina), Francisco Regozo (biola), Damian Martinez (biolontxeloa), Ander Perrino (kontrabaxua), Herve Michaud (haizea, zura), Rodolfo Epelde (haizea metala) eta Jorge Pacheco (perkusioa).