Getxo
Bluesa, Getxoko soinu banda hiru egunez
Agentziak | Erredakzioa
Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira Bizkaiko udalerriko blues jaialdiko saio nagusien protagonistak.
Getxoko 30. Nazioarteko Blues Jaialdia ostegunean, uztailaren 19an, hasiko da, eta Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira saio nagusien protagonistak. Ohi bezala, kontzertuak Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan izango dira, eta doako lau kontzertu eta kaleko desfileak ere izango dira, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.
Kontzertu nagusiak saio bikoitz batekin hasiko dira, ostegunean. The Excitements Bartzelonako taldearekin hasiko da gaua, "rhythm & soul indartsu eta itsaskorrarekin", eta The Blues Morning Singers Bilboko laukote elektroakustikoa arituko da gero.
Ostiralean, uztailaren 20an, Bette Smith abeslari amerikarraren txanda izango da, “blues urratzaile eta soul sutsuen erakuslea”, antolatzaileek azaldu dutenez.
Azkenik, Coco Montoya (1951, Santa Monica, AEB) gitarrista kaliforniarrak itxiko ditu Getxo&Blues jaialdiaren saio nagusiak larunbatean, uztailaren 21ean.
Jaialdiko egitaraua borobiltzeko, doako kontzertuak eskainiko dituzte Barney's Band eta Maraya taldeek, ostiralean eta larunbatean, Algortako The Piper's Irish Pubeko saioetan. Halaber, Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleko giroa alaituko du.