Animaziozko pelikula
EOS, La Oreja de Van Gogh eta Fernando Velazquez, Elkanoren bidaiari musika jartzeko
eitb.eus
Joseba Beristainek konposatuko du “Elcano, lehen mundu bira” Dibulitoon Studio ekoiztetxea ETBren parte-hartzearekin osatzen ari den animaziozko filmaren soinu banda.
Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) arduratuko da Elcano, lehen mundu bira Angel Alonsoren zuzendaritzapean Dibulitoon Studiok ekoizten ari den animazio filmaren soinu banda sortzeaz.
Haurrei zuzendutako filma ekoizpen fasean dago, eta datorren urtean estreinatuko da, Fernando de Magallanesek 1519an hasi eta Juan Sebastian Elkano Getariako marinelak 1522an amaitu zuen espedizioaren hasieraren 500. urteurrenarekin bat eginez.
Beristainen musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak grabatuko dute irailean, Fernando Velazquez getxoztarraren (Lo imposible, Un monstruo viene a verme) zuzendaritzapean.
Bestalde, La Oreja de Van Gogh donostiar taldeak osatuko du filmaren kantu nagusia: “Sortu ginenetik izan dugu gogoa pelikula baten musikan parte hartzeko, eta urte hauetan guztietan zehar hainbat proposamen jaso baditugu ere, film hau ezagutu arte ez gara ausartu pausoa ematera. Lehenengo aldiz, euskaraz eta ingelesez idatziko dugu”. Izan ere, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestuko du kantua Leire Martinez kantariak.
Halaber, Enrike Solinisek (Bilbo, 1974) eta Euskal Barrokensemble antzinako musika jotzen duen bere taldeak ere hartuko dute parte proiektuan, “Juan Sebastian Elkano: Euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak” musika obra estreinatu baitute berriki.
Argazkia: Dibulitoon Studio