45. edizioa
Euskadiko Soinuak 2011ko Midem Musika Azokan izango da berriro
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako musika sektorea sustatzeko duen programa musika industria eta teknologia azokarik handienean izango da. Aurten, gainera, Petti euskal musikariak sail ofizialean parte hartuko du.
Euskadiko Soinuak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak musika sektorea sustatzeko duen programa, Canneseko Midem musika industria eta teknologia azokarik handienean izango da aurten ere. Larunbat honetatik eta datorren hilaren 26ra bitartean, hamar euskal elkartek eta musika enpresek topagune honetan hartuko dute parte.
Aurten, gainera, Petti kantaria atal ofizialean lehiatuko da. Halaber, euskal musikarien kontzertu bi, gutxienez, eskainiko dituzte Cannesen. 2011ko edizioan Euskadi Agorila, Aus-Art Records, Baga-Biga, Damba-Ganbeluak, EHDE, Elkar, Errabal, Gaztelupeko Hotsak, Sonora Estudios eta Munster Records / Vampisoul diskoetxeak izango dira bertan.
Musika sektorearen profesionalen arteko topagunea da Midem. Nazioarteko mailan ospea dutenek mahainguruak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, musika merkatuak azken urteetan izan dituen aldaketak aztertzeko asmoz. Euskadiko Soinuak programa 10 urtez izango da Midem azokan.