Heriotza
Charles Aznavour frantses abeslaria hil da
Agentziak | Erredakzioa
Armeniar jatorriko musikariak 94 urte zituen. Zineman ere lan egin zuen, Jean Cocteau eta François Truffaut zinemagileen aginduetara, besteak beste.
Charles Aznavour, frantses kantari handien azken ordezkaria, gaur goizaldean hil da, 94 urte zituela, Alpillesen, Frantzia hegoaldean, bertako hainbat hedabidek iragarri dutenez.
Japonian bira egin berri zuen "La Bohème", "Je m'voyais déjà" eta "For me formidable" kantu ezagunei hitzak jarri zizkion armeniar jatorriko artistak.
Bere ahots bereziak frantziar eta nazioarteko musika eszenaren maila gorenera eraman zuen zazpi hamarkadako ibilbidean 1.200 kantu sortu zituen musikaria, eta zineman ere egin zuen lan, Jean Cocteau, Claude Chabrol eta François Truffaut zinemagileen aginduetara, besteak beste.
Dena den, musikagintzari lotuta izango da beti, berak kantatutako kantuei esker ez ezik, Édith Piaf, Gilbert Bécaud, Serge Gainsbourg, Juliette Gréco, Maurice Chevalier eta Johnny Hallyday artista handientzat eginiko abestiengatik ere.
Aznavourrek esana zuen heriotzak bakarrik jaitsiko zuela agertokietatik, eta, bere adina gorabehera, hainbat hitzordu zeuzkan itxita hurrengo hiletarako: kontzertu bat Bruselan urriaren 26rako, bi emanaldi Parisen azarorako eta bira labur bat Frantziako Estatutik.