Itxi

Elkarrizketa

Madeleine: 'Abestitzarrak egin nahi dituzten lau lagun gara, besterik ez'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Donostiar taldea bueltan da aurreko diskoa kaleratu eta bost urtera, etenaldi baten ostean. Gartxot Unsain rock taldeko gitarrista eta abeslariarekin hitz egin dugu ‘Su hura’ lanaz.

'Su hura' diskoa kaleratu du laukoteak

Madeleine taldearen sua ez da itzali. Mugarri 2013ko diskoko kea elikatzen zuen garrak, laukotearen lan hartako doinu trinko baina atzigaitzen oihartzunak, pizturik dirau Su hura taldearen hirugarren diskoan.

Denbora ez da alferrik pasatu, baina, zorionez, eta, bost urteren eta ia hiru urteko etenaldi baten buruan, Madeleineren eremu musikala, beste koordenada batzuetara lerratuta ez ezik (popa eta indiea argiago nabari dira orain, kantuetako rocka zipriztintzen), zehatzago ageri da Su hura honetan: kantuak dira langai, bere osotasunean, eta ez, lehen bezala, riffak.

Eñaut Gaztañaga ekoizle gero eta lanpetuagoa (Grises, Rural Zombies, Olatz Salvador, Voltaia…) lagun, lehen hainbat zati ezberdinek osatzen zituzten kantuak findu eta zedarritu dituzte hirugarren disko honetarako, beren soinuari nortasuna ematen dioten intentsitate aldaketa hunkigarriak eta pasarte atmosferikoak erabat baztertu barik betiere. Konposatze lanean “burua” ere erabili dute, “bihotzaz gain”, Gartxot Unsain gitarrista eta abeslariak azaldu digunez.

Lortu dut Su hura diskoaz hitz egitea heldutasuna hitza erabili barik, baina, dudarik ez, horixe izango da gehien erabiliko den hitza lan honetaz hitz egiteko orduan. Atzeraka eragin ohi dit hitz horrek musikaz ari garela, baina egia da laukoteak ikuspegia aldatu duela musika sortzeko orduan, eta ez dira mugatu kantuetan zati hunkigarriak kateatzera (ezagun zen hori oso ondo egiten dakitela), ezpada kantu biribilak sortzen saiatu dira, arriskua beren gain hartuta.

Unsainek horretaz eta beste gauza askori buruz hitz egin digu, mardulki.

Mugarri (2013) lanaren ondoren, ia hiru urteko geldiunea egin zenuten. Zerk ekarri zuen eten hori eta zerk piztu dizue berriz musikagintzari Madeleinerekin ekiteko gogoa?

Etenaldia bizitzak berak ekarri zigun; kasu honetan, osasun arazoek. Hirugarren diskoa grabatzear ginela utzi genuen, taldekide batek gure asmoari lehentasun guztia kentzen zion erronka bat zuelako aurrean.

Tarte honetan, denok aritu gara geurean, batzuk argi duten bide profesionalari ekinez; beste batzuk musika proiektu ezberdinetan aritu gara, eta gabiltza.

Eta berpiztea ere bizitzak ekarri digu. Osasun arazoak gaindituta, hiru urteren ostean lokalean ahaztutakoak gogoratzen ari ginela, Kutxa Kultur Musika beka jaso genuen, ezustean, eta entsegu lokalak zein diru laguntza horrek eman ziguten behar genuen bultzada.

Zertan lagundu dizue beka horrek? Taldeei laguntzeko bide egokia dira, zure ustez, halako ekimenak?

Bultzada ikaragarria izan da, eta eskertuta gaude. Entsegu lokalak asko errazten du logistika, eta, kasu honetan, gu donostiarrak izanik, Egiako Tabakaleran elkartzeak praktikotasun handia eman digu. Lehenago, autoa behar genuen Astigarragara joateko, lokala ere ez zen oraingoa bezain fina… Denbora askoz ere gehiago aprobetxatzea eragin du erosotasun honek.

Jasotako bultzada ekonomikoak ere lagundu digu, gustuko genituen alorretan lehen aldiz inbertitzeko: diseinuan, bideoetan, edizio fisikoan… Bekarekin lotuta datozen kontzertuek ere eman digute halako erakusleiho bat.

Bestalde, ez da erraza erakundeen prozeduren diagnostiko bat egitea. Taldeei bultzada ematea ederra da, lokala eta baliabide ekonomikoak jasotzea ere bai. Hala ere, zenbaitetan erakundeen argazki eta prentsaurrekoen zirkuan sentitzea arraroa da, eta jakin behar da onartzen laguntza praktiko eta gizarteari erakutsi behar zaion kulturaren postal idiliko horren tartean zaudela, deserosotasun, kontraesan eta bestelakoak abestiekin estaliz.

Guk argi izan dugu, kamisetak guk serigrafiatu izanak, autoedizioak edo azken diskoan Kutxaren logoa jarri izanak ez gaituela abestiek baino gehiago definitzen. Hautuak egoeraren arabera hartu izan ditugu beti, eta ez nuke esango damu handirik dugunik alde horretatik.

Erakundeek diagnostiko errealistago bat egitea ondo legoke, talde guztien asmo, behar, nahi eta bideak ez direlako berdinak. Garai hauetan, puntako festibal batean jotzea lorpentzat duten asko dago, eta halako aukerak ematen dituzte erakundeek. Baina jakin behar dute, erakusleihoa bezain garrantzizkoa dela egunerokoa taldeentzat, lokal fisiko batek urteko festibalean 18:00etan jotzeak baino laguntza handiagoa ematen diola talde bati.

Erakundeen funtzionamenduan ere badago amaitzen ez den burokrazia moduko bat, eta nekeza da askotan, beharrezkoa den arren.

Su hura lanean murgilduta, “Inongo garen”ek zabaltzen du diskoa, aurreko zuen kantuen lerro estilistikoari jarraitzen dion kantu batek, eta “Sumendi”k ixten du, orain arteko lerrotik urrunen dagoenak, agian. Taldea nondik datorren eta nora doan erakusten du horrek?

Azken urteetako geldiunea izan da lerro estilistiko hori zabaldu duena. Disko berriko abestiei begira, ikus daitezke duela lau urteko ideiak (“Inongo garen”) edota grabatu aurreko astean amaitutakoak (“Sumendi”). Tarte horretan garatu ditugun gustu berriek eta funtzionatzeko modu zehatzagoek findu dituzte ideia horiek guztiak, eta zazpi abesti hauek geldiunearen laburpen moduko bat dira, ideia zahar eta berriak.

<a href='http://madeleinetaldea.bandcamp.com/album/su-hura' _mce_href='http://madeleinetaldea.bandcamp.com/album/su-hura'>Su hura by Madeleine</a>

Aniztasun hau ere sortzeko prozesuak eragin du. Lehen aldiz aritu gara abestia lehenesten, gure gustuen gainetik; estrukturak lantzen; gabeziak atzeman eta ontzat genuen hori defendatzen. Zaila da lau pertsonaren gustuak biltzea, baina saiatu gara esku artean genituen ideia horietan sinesten, bide berriak irekitzen eta inoiz ez bezala esperimentatzen.

Ez diogu inori lerro estilistiko bat zor, gu abestitzarrak egin nahi dituzten lau lagun gara, besterik ez.

Esana duzue “postrock” etiketa zabalak ez zaituztela ordezkatzen. Zein bidetatik utzi duzue atzean estilo hori? Zer etiketarekin dago gustura Madeleine?

Egia esan, taldean bertan txantxa moduko bat bihurtu da postrock hitza. Hasiera batean, naturalki atera zitzaigun musika instrumentala lehenestea eta ahots gutxi sartzea; hargatik izan ginen postrock. Bidean, ordea, zabaldu dugu pixka bat bide estilistiko hori, eta iraganeko etiketa pisutsu hori izatea hain da nekeza, barregarri bihurtzen da.

Errepikapenak eta pasarte luzeak laburtu ditugu, berehalakotasunari bezainbeste garrantzia eman landutako zerbaiti, ahotsa landu eta nahi ez denean oihuak sartu…. Gauza asko egin ditugu.

Guk musika instrumentala bezainbeste edo gehiago entzuten dugu instrumentala ez dena, eta eragin horien artean garatu da taldea. Zati instrumentalak maite ditugu, baina zerbait esan nahi dugu, eta modu batean esan. Hori “postrocka” bada... Post bale!

Gu “jende ona” etiketarekin gaude gustura: post-jende onak egindako musika emozionala edo rocka.

Kantuak konkretuagoak dira orain, lehen gorabeheratsuagoak ziren eta zati gehiago sartzen zenituzten. Kantuari osotasun gisa begiratzen diozue orain?

Bai. Kantuen osotasunak asko erakarri gaitu. Mainstream-aren biribiltasunak zentzu negatiboa du beti, baina, musika asko entzun eta landu ostean, konturatzen zara biribiltasuna landu behar den zerbait dela; asko, gainera. Eta prozesu ederra da: gauzak aztertu, probatu, landu...

Lehen aldiz, erakartzen gintuzten estrukturak landu ditugu, gauzak ezbaian jarri, errepikatzen zen zerbait ez dugu negatibotzat jo, lelo batek azala goratu digu eta bateria erritmoak izugarri landu ditugu.

Azken finean, ahalik eta abesti ederrenak egiten saiatu gara, gure iturrietatik edanez, baina, lehen aldiz, gauzak buruarekin ere landuz, ez bakarrik bihotzarekin.

Nik uste honek abesti ederragoak sortzeko bidea eman digula, anitzagoak dira, ez hain errepikakorrak, dinamikoagoak….

Sortzeko prozesuan “zergatik?” galdera ez genuen asko planteatzen orain arte, dena zen gustuko genituen ideien collage moduko bat, eta ederra zen hori. Collage hori patxada handiagoarekin antolatu nahi izan dugu orain.

Lehenago osagarri gisa erabiltzen zenituzten ahotsak, eta oraingoan garrantzi handia hartu dute kantu batzuetan (“Perkalenea”, “Nahi on bat” eta “Inoiz lehortuko da” abestien lehen erdiak, “Sumendi”…). Zergatik?

Nik uste dut talde batean elementu garrantzitsu, deigarri eta indartsuena dela ahotsa. Ahotsak behar du atzean duzun horren gidari izan, eta, ni behintzat, ahots bitartez transmititutako horrek hunkitzen nau gehien musika entzuten dudanean.

Guk izaera oso melodikoa izan dugu beti, eta melodiaren maitale sutsuak gara entzule bezala. Orain arte, melodia horiek gitarran eta baxuan zeuden soilik, eta ahotsa espresio emozional gordina zen. Orain, berriz, melodia batzuk ahotsean sartu nahi izan ditugu. Hala sentitzen genuen, eta erronka ere bazen guk geuk sortutako aurreiritziei gailentzea.

<a href='http://madeleinetaldea.bandcamp.com/album/su-hura' _mce_href='http://madeleinetaldea.bandcamp.com/album/su-hura'>Su hura by Madeleine</a>

Prozesu luzea izan da, baina gitarrei bezainbeste ordu eskaini dizkiegu ahotsei, esan nahi genuenari, moduari. Eta uste dut bidean asko ikasi dugula, lotsak kentzen, kantatzeko adore hori biltzen…

Taldearen bidea gorabeheratsua izan da, zalantzaz jositako 30 urteko lau gazte gara, bizitzak harritu eta beldurtu egiten gaitu era berean, eta hitzek sentipen horiek helarazteko indar berezia dute. Horregatik erabili ditugu.

Eta zer duzue hizpide ahots horien bidez?

Txikitan genuen inozentzia puntu hori, su hura; mundu osoko sentitu baina inongo garen ez jakitea; gizartearekin batera ura bihurtu izana; musika eta lagun talde baten dinamika inoiz lehortuko den pena eta harrotasuna; sortzea bizitzaren aldarri izatearen sumendia; etxebizitza bat elkarbanatzeak egunerokotasunean eman dezakeen zoriontasuna; oreka emozional hura; “postrock”a iraganarekin identifikatzea… Mila sentimendu dira, baina guk batean biltzen ditugu. Guk nahi on bat dugu, gure bizitzaren soinu banda sortzea.

Gaztain estudioa aukeratu duzue diskoa grabatzeko, azkenaldian gero eta lan gehiago duen tokia. Zer eman die Eñaut Gaztañaga ekoizleak kantuei?

Eñautek laguntasuna eskaini digu lehenik, eta gero izugarrizko profesionaltasuna. Lagun ona dugu, eta gauzak ahalik eta txukunen egiteko erronka berri honetan argi genuen lagun bat nahi genuela ondoan, taldea sentitu, ulertu eta lagunduko zuena. Estudioko dinamika langile eta paregabeaz gain, Eñautek izugarri lagundu digu jolasten, disfrutatzen eta ikasten. Emaitza ere izugarri gustatu zaigu, eta lehen aldiz lokaleko ideiak hain soinu ederrean entzuteak izugarri hunkitu gaitu.

Ekoizle bezala, izugarri lagundu digu; pedalekin jolasteko aukera handia eman digu, iritzia ere eman du askotan, kanta lehenetsiz, eta gitarra kolaborazio ezkutu bat ere egin du! Aupa Eñaut!

Disko fisikoa ere kaleratu duzue, eta Marcos Navarro artistarengana jo duzue diseinu lanerako. Non lor daiteke diskoa?

Gauzak txukun egiteko joera berri honetan, beste pertsona bati eman nahi genion diseinuaren ardura. Marcosen lana ezagutzen genuen, eta proposamena egin genion. Gure abestiek sorrarazten ziotena bere modu finean marrazten aritu da, eta diziplina ezberdinen nahasketa horrek ere erakarri gaitu.

Emaitzarekin oso harro gaude, diseinu fisiko mugatuan hautatutako euskarria ere originala iruditu zaigu. Diskoa kontzertuetan aurki daiteke, eta guri eskatu ere bai.

Eta zein plan dituzue orain?

Iraganean egindako lagunak bisitatu, leku berriak ezagutu eta ahalik eta kontzertu indartsuenak ematea da gure lehentasuna. Bitartean, abesti berriak ere sortuko ditugu, eta, beti bezala, bizitzak eramango gaitu iritsi behar garen hartara.

Test labur bat egingo dizut bukatzeko.

Euskal talde edo musikari bat: Beñat Antxustegi

<a href='http://physisversusnomos.bandcamp.com/album/zaharrak-berriak-eta-kuttunak-i-goiz-batin' _mce_href='http://physisversusnomos.bandcamp.com/album/zaharrak-berriak-eta-kuttunak-i-goiz-batin'>Zaharrak, berriak eta kuttunak I. Goiz batIN by Physis versus Nomos</a>

Atzerriko talde edo musikari bat: Bon Iver

Azkenaldian bueltaka darabilzun disko bat: Olatz Salvador, Zintzilik


Kantu bat: “The Less I Know The Better” (Tame Impala)

 

Jotzeko toki bat: Lokala