Itxi

Elkarrizketa

Mastodonte: 'Gure musika gu hil ondoren ere entzutea nahi dugu'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Asier Etxeandia bilbotar aktorearen eta Enrico Barbaro italiar multinstrumentistaren taldeak azaroaren 29an, ostegunarekin, aurkeztuko du bere burua, Kafe Antzokian.

Enrico Barbarok eta Asier Etxeandiak osatzen dute Mastodonte taldea

Asier Etxeandiak eta Enrico Barbarok Mastodonte proiektu musikal erraldoia askatu dute, bi urte konposatzen, ekoizten eta grabatzen eman ondoren. El intérprete Etxeandiaren ikuskizun zirraragarrian elkarrekin lan egin ondoren, bilbotar aktore eta kantariaren eta Enrico Babaro napolitar musikariaren ametsek eta eragin musikalek bat egiten dute talde berri honetan.

Bikoteak proiektu berri honen lehen diskoa, Mastodonte, aurkeztuko du ostegunean Kafe Antzokian, eta bertaratutakoek ekoizpen lan eskerga bati esker diskoan gardenki entzuten diren synth pop atmosferez, rockaren energiaz, ukitu funka duten erritmoez eta Etxeandiaren ahots zorrotzari darion soul eraginaz gozatuko dute.

Bi artistekin hitz egin dugu, Bizkaiko hiriburuan jotzeko bezperan.

Asier, esana duzu beti izan nahi izan duzula kantari. Zergatik aukeratu duzu Enrico Barbaro urrats handi hau emateko bidelagun gisa? Zerk pentsarazi zizun pertsona egokia zela?

Asier: Enricok bakea transmititzen dit. El intérprete ikuskizunarekin egin dugun lau urteko biran, berak ematen zizkidan aholkurik onenak, bere lana zen guztien artean finena eta berak zeuzkan nireetatik hurbilen zeuden eraginak. Apurka-apurka, berarengandik gero eta gertuago sentitu nintzen, batik bat amets berberak genituelako biok.

Eta nolakoa izan da konposatze lana?

A: Ausart jokatuta, elkarrekin bizitzera joan ginen elkarrekin konposatzeko. Elkarren osagarri ginela ikusi genuen eta bion nortasunaren batuketa bonba hutsa zela.

Atmosferek, abestiek eta bidaiak geu ere harritu gintuzten. Bidea egiten utzi genien.

Enrico, zein dira, zure ustez, Mastodonteren oinarri musikalak?

Enrico: Egia esan, Asier eta biok bat gatoz elkarren artean oso ezberdinak diren makina bat eragin musikaletan, besterik ez bada ere gure bizitza osoan musika piloa entzun dugulako.

Gure lehen solasaldietan, konposatzen hasi aurretik, askotan izaten genuen hizpide diskoaren helburua eta gu ordezkatu eta gida ziezagukeen musika estilo jakinik dagoen.

Bat etorri ginen esaten gauza garrantzitsu bakarra diskoaren soinu orokorra zela, zuzeneko eszenaratzea harrigarri eta dibertigarria izan behar zela, eta gure nortasun epiko eta barrokoekin bat egin behar zuela.

Hortik aurrera, kantu bakoitzaren neurrira egindako soinekoak josteko lanean murgildu ginen, estilo aldetik mugarik jarri gabe, hitzek iradokitzen zizkiguten soinu inguruabarretan soilik bilatuz inspirazioa.

Esango nuke gure estrategia nagusia izan zela estrategiarik ez ezartzea, bat-batekotasunaren alde.

Nahikoa iruditu zitzaigun kantuen gaiak lotuko zituen hari bat izatea eta horien interpretazioan eta soinu mastodontikoan pentsatzea. Erabat sinetsita nago zintzotasuna aintzat hartzeko moduko bertute desiratua dela.

Eta nola lerratzen duzue unibertso musikal plural hori zuzenekoetara?

E: Diskoaren zuzeneko lehen aurkezpen hauetan, gure asmoak gauzatzen asmatu duten hainbat musikari adiskideren arte, profesionaltasun eta maitasuna dugu: Ivan Prada, gitarra elektrikoetan; Pino Rovereto, baterietan; eta Domingo Oliver, bateria elektroniko, perkusio, teklatu, gitarra akustiko eta saxofoietan. Nik baxu eta kontrabaxu elektrikoak eta sintetizadoreak jotzen ditut.

Diskoa osorik joko duzue? Bestelako kanturik izango da?

E: Oraingoz, asmoa da diskoko kantu guztiak jotzea, grabazioko bertsiotik ahalik eta gertuen, bertako indar eta kolpe erritimikoarekin. Baina seguru nago aurrerantzean formazioa handitzeko eta beste soinu batzuekin saiakerak egiteko unea iritsiko dela.

Dudarik gabe, garrantzi handia ematen diozue taldearen alderdi bisualari. Nola erakutsiko duzue proiektu hau agertoki gainean?

A: Dena erabat organikoa dela uste dut: irudia, mugimendua, bideo bakoitzaren atzean dagoen istorioa…

Eszenaratze bakoitzaren atzean “Mastodonteak” eskatu diguna dago. Gu geu Mastodontearen esanetara gaude: atsegin dugu Mastodontea sufritu duten guztiek eman dutena aztertzea. Dibertitu egiten gaitu, eta irudi bakoitzaren atzean istorio bat dago.

Geure buruari mugarik ez jartzen saiatzen gara, eta dena joko kitzikagarria balitz bezala bizitzen.

Lehen kontzertua azaroaren 20an eman zenuten, Madrilen. Zer moduz joan zen?

E: Ikaragarria izan zen. Dena amestu genuen bezala atera zen, inguruan denari emanda zeuden pertsonak genituela, eta maitasun handia jaso genuen. Oso harro gaude irudipenaren fruitu bat errealitate bihurtu genuelako.

A: Nahi genuen bezala izan zen. Jendeak bere egin zituen kantuak, batzuek ezagutu barik ere. Itzela izan zen. Nik asko ikasi nuen, eta gauza handiak deskubritu nituen show horretan, eta uste dut publikoak ere egin zuela.

Zer aurkituko du ostegunean Kafe Antzokira joango denak?

A: Emozioa, energia, karra…

E: Publikoak gurekin batera Mastodontearen ametsa jaso eta partekatzea nahi dut nik, jendeak salto, dantza, barre eta negar egitea. Eta ez ordena horretan, nahitaez.

Behin diskoa kaleratuta, noraino eraman nahi duzue Mastodontea?

A: Gure musika gu hil ondoren ere entzutea nahi dugu.

E: Helburua da kontzertua hiri, jaialdi, kontzertu areto eta antzoki guztietara eramatea. Publikoarekin energia partekatu, Mastodontea haztea eta bakarrik egitea aurrera. Eta gero beste disko batekin eta zuzeneko beste ikuskizun batekin jarraitu.

Asier, nola uztartuko dituzu musikari eta abeslari lanak?

A: Zein da aldea? EGIN.