Itxi

Goi mailako musika ikastegia

Musikene bideratzeko ahaleginak azpimarratu ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa

Isabel Celaa sailburuaren ustetan, martxan jarritako neurriek ''proiektuaren bideragarritasuna ziurtatu eta sendotzen dute''.

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Musikeneren ''''kontrolik gabeko'''' egoera bideratzeko egin diren ahaleginak azpimarratu ditu. Aurreko Gobernuari egotzi dio Celaak Euskadiko Goi Mailako Musika Ikastegiaren egoera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Batzordean agerraldia egin du asteazken honetan Celaak, Musikeneren egoeraren berri emateko. Izan ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak joan den urtarrilean argitaratutako txosten baten arabera, araudiaz kanpo jokatu zuen Musikenek 2009ko jarduera ekonomikoari eta finantza egoerari dagokienez.

Ikerketa honen arabera, eta Fundazioen Euskadiko Legeak zehazten duena kontuan hartuta, atzerapenarekin onartu zuen 2009ko aurrekontua Musikenek (2009ko urrian onartu zuen musika ikastegiak urte horretako aurrekontua). Era berean, administrazioko bost langileren eta 47 irakasleren kontratazioan irregulartasunak aurkitu ditu HKEEk (txostenaren arabera, kontratazio horietan ez ziren bete berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate oinarriak).

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ordezkariak azpimarratu du txosten horretan jasotzen diren gertakariak ''''larriak'''' direla, eta ''''argi uzten zutela esku-hartzea beharrezkoa zela'''', proiektua berriz bideratu eta kontrol faltari bukaera emateko. Celaaren ustetan, martxan jarritako neurri guztiek ''''proiektuaren bideragarritasuna ziurtatu eta sendotzen dute''''.

Sailburuak Batzordean azaldu duenez, aztertu egin dira Musikeneren egoera konpontzeko aukerak, araubide juridikoa aldatu gabe. Orain Sektore Publikoko Fundazio pribatua da, eta aldaketek benetako fundazio publikoa izatea ahalbidetu beharko lukete, Celaaren ustez.

Albisteak (4)