Diskoa eta bira
La Polla Records bueltan da, disko eta bira berriak besapean
eitb.eus
Arabar taldeak bere sorreraren 40. urteurrena ospatuko du, banandu zirenetik hamasei urte bete direnean. BECen joko dute urriaren 19an.
Hitzetik hortzera zebilena berretsi du gaur, Madrilen, Internet bidez zuzenean eskaini duen prentsaurreko batean, La Polla Recordsek: taldea bueltan da banandu eta 16 urtera, 2003an taldearen azken kontzertuak eskaini zituen boskotearen eskutik: Evaristo, Sumé, Abel, Txiki eta Tripi.
Taldearen sorreratik berrogei urtera, maiatzaren 10ean disko berria kaleratuko du La Pollak: Ni descanso, ni paz! Haritz Harreguyk ekoitzi duen lana, taldearen lehen hiru diskoetako (Salve, Revolución eta No somos nada) kantu birgrabatuez osatua. Halaber, Evaristok konposatutako kantu berri bat ere biltzen du: “Ni descanso, ni paz!”.
Horrez gain, bira egingo dute, eta urriaren 19an kontzertua egingo dute Euskal Herrian, BEC Barakaldoko erakustazokan, belaunaldi horretako beste ordezkari batek, Drogasek, lagunduta. Bira beste toki hauetara ere iritsiko da: Valentzia (irailak 21, zezen plaza), Madril (urriak 12, Wizink Center) eta Bartzelona (urriak 26, Palau Sant Jordi).
Kontzertu hauetarako sarrerak martxoren 20an jarriko dituzte salgai, taldearen webgunean, eta, inon sarrerak agortuz gero, hiri horretan beste kontzertu bat egin lezaketela aurreratu dute.
La Polla Records. Argazkia: Daniel Fernandez.
2020an, zortzi kontzertu gehiago emango ditu taldeak Latinoamerikan, eta "denboraldi batean behintzat" La Polla Recordsek egingo dituen emanaldi bakarrak izango dira hamabi horiek.