Donostia
Musika Hamabostaldiak 10 ziklo eta 90 proposamen baino gehiago eskainiko ditu
Agentziak | Erredakzioa
Mahler Chamber Orchestra, Orchestre de Paris, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen eta London Philharmonic Orchestra arituko dira, besteak beste, abuztuaren 1etik 30era.
Donostiako 80. Musika Hamabostaldiak 90 proposamen baino gehiago eskainiko ditu abuztuaren 1etik 31ra bitartean. Egitaraua osatuko duten hamar zikoak Donostian egingo dira nagusiki, baina proposamenetako batzuk Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere egingo dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Mahler Chamber Orchestrak hasiko ditu Kursaal Auditoriumeko kontzertu sinfonikoak, abuztuaren 1ean, Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren zuzendaritzapean. Inaugurazio kontzertu horretan, Seong-Jin Cho pianista gaztea arituko da, 2015eko Chopin Piano Lehiaketako irabazlea.
Opera eta dantza
Operarekiko hitzorduari leial, Hamabostaldiak Pucciniren "Madame Butterfly" programatu du abuztuaren 13 eta 15erako, obra liriko eszenaratuenetariko bat. Palau de les Arts de Valenciaren ekoizpenean, 1940ko hamarkadan girotuta dago istorioa, Bigarren Mundu Gerraren erdian. Ainhoa Arteta sopranoak emango dio ahotsa protagonistari (Cio-Cio San).
Azkenik, Víctor Ullate Balleta arduratuko da Kursaal Auditoriumeko dantza hitzordu tradizionalaz, abuztuaren 17an eta 18an. "Antígona" da bere produkzio berria, eta Lucía Lacarrak interpretatuko du rol nagusia, Víctor Ullatek berak sortutako koreografiarekin.
Bestalde, Victoria Eugenia antzokiak elkarrekiko oso ezberdinak diren bi proposamen hartuko ditu. Khatia Buniatishvili izango da lehen hitzorduko protagonista, abuztuaren 5ean. Schubert, Liszt eta Stravinsky-ren obrak interpretatuko ditu. Bigarren hitzordua Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak eskainiko du: "Naturalmente Flamenco".
Halaber, Donostiako 80. Musika Hamabostaldiak bere ohiko ziklo paraleloak ere eskainiko ditu: Antzinako Musika, Musika Garaikidea, Organoa, Interprete Gazteak, Ostegun Musikalak San Telmon, Hamabostaldia Aitzaki, Inaugurazio eguna eta Haurren Eguna.
Hamabostaldiko sarreren salmenta orokorra ekainaren 4an hasiko da, webgunearen bidez.