Itxi

Heriotza

Jose Luis Ansorena musikaria zendu da

eitb.eus

Leer en Castellano

Besteak beste, Andra Mari Abesbatza eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa sortu zituen. Manuel Lekuona saria jaso zuen.

Jose Luis Ansorena. EiTB

Jose Luis Ansorena musikari donostiarra hil da, 91 urte zituela. Musikaren munduan ibilbide oparoa egin du Ansorenak. Besteak beste, Andra Mari Abesbatza eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa sortu zituen.

Ansorenak 2011ko Manuel Lekuona saria jaso zuen, ''euskal musika-ondarea babesteko eta hedatzeko'' egindako lanagatik.

Jose Luis Ansorena 1928an jaio zen, Donostian, eta bertako kontserbatorioan egin zituen musika-ikasketak. 1942an Altsasuko (Nafarroa) kaputxinoen apaiztegian sartu zen, eta batera egin zituen eliza-ikasketak eta musikakoak. 1953an apaiztu zen.

Bizitzan zehar hainbat erakunde eta elkarte sortu ditu, tartean San Antonioren Eskolania eta San Antonioren Gazteria Iruñeko kaputxinoen elizan, San Antonioren Gazteria Zaragozako Torrero Komunitatean, Errenteriako Andra Mari eta Parrokiako Gaztedia (Gaztedi) abesbatzak, Oreretako haur-abesbatza, “Alai” emakumezkoen zortzikotea eta Oiñarri gazteen abesbatza.

Euskal musikagileek sortutako musika hedatzeko, 1973an Errenteriako Musikaste jaialdia bultzatu zuen. Hurrengo urtean, Errenterian bertan Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa sortu zuen, euskal musika-ondarea bildu eta gordetzeko asmoz.

Musikagile moduan, erlijio-musika eta musika korala egin ditu. Euskal musikari buruz hainbat ikerketa, artikulu, liburu eta katalogo idatzi ditu, tartean musikagileen biografiak (Norberto Almandoz, José María Usandizaga, Pablo Sorozabal, Aita Donostia, Raimundo Sarriegui), txistuaren inguruko lanak eta euskal abesbatzen mugimendua jorratzen dituzten testuak.

Besteak beste, sari hauek jaso ditu: Andra Mari abesbatzaren Urrezko eta Diamantezko Intsignia (1991), Txistulari Elkartearen Urrezko Domina (1997), Algortako Biotz-Alai abesbatzaren Urrezko Intsignia eta Ohorezko Bazkide izendapena (1999), Donostiako Orfeoia - UPV/EHUren V. Saria (2005) eta Errenteriaren Seme Kutuna izendapena (2009).

1978tik 1980ra eta 1987tik 1988ra, Eusko Ikaskuntzako Musika Ataleko presidente izan zen Ansorena.