Egitaraua
Koma, Gatibu, Ayax eta Prok eta Soraya, Foru plazan sanferminetan
eitb.eus
Udalak Foru plazan eta Compañía plazan egingo diren kontzertuak iragarri ditu. Azken horretan, besteak beste, Paquito D’Rivera arituko da.
Sanferminei begira, Iruñeko Udalak Foruen plazako eta Compañia plazako agertokietarako prestatu den musika programazioa aurkeztu du gaur.
Foruen plazako agertokian, Ayax eta Prok, La Furia, La Ira, Mafalda, Koma, Gatiburen, Efecto Mariposa eta Soraya Arnelas arituko dira, besteak beste.
Compañía plazari dagokionez, arratsaldez eta gauez izango dira kontzertuak, eta Paquito D´Rivera maisu kubatarraren, Hot 8 Brass Bandaren eta Systema Solar talde kolonbiarraren emanaldiak azpimarratu dituzte.
Foruen eta Compañía plazetako musika ekitaldietarako aurrekontua 160.446 eurokoa da, eta horri gehitu behar zaio arratsaldeko gazte programazioaren kopurua, 55.000 eurokoa. Arratsaldero, gazteentzako jarduerak izango dira 20:00etatik 23:30era.
Uztailaren 6an, Foruen plazan, Efecto Mariposa taldea eta Soraya Arnelas igoko dira taula gainera. Uztailaren 7an, berriz, oso bestelako doinuak: Mafaldak emango du lehen kontzertua eta Komak azkena.
Uztailaren 12an, ostegunarekin, Ayax eta Prok izanen dira protagonista, eta La Furia nafarra arituko da beraiekin. Uztailaren 13an, bestalde, La Ira Madrilgo taldea Gatibu ikusteko parada izango da.
Compañía plazako agertokiak jazza eta munduko musikak hartuko ditu. Uztailaren 6an, Hot 8 Brass Band estatubatuar taldeak joko du, eta Systema solar kolonbiar taldeak, biharamunean. Paquito D´Riverak emango dio hasiera jazz zikloari, hilaren 8an. Ramón Valle arituko da biharamunean, laukote formatuan, Perico Sambeatekin elkarlanean. Uztailaren 10ean, Javier Colina nafarra arituko da, Albert Sanzekin batera.
Uztailaren 11n Michele Hendricks igoko da oholtzara, boskoteaz lagunduta. Uztailaren 12an, jazz-etenaldiaren ostean, munduko musikak bueltan egongo dira Miss Boliviaren eskutik. Azkenik, uztailaren 13an, musika-programazioari buru emateko, London Afrobeat talde ingelesaren emanaldia egongo da.
Arratsaldeetako kontzertuetan tokiko artistak izanen dira nagusi. Edurne Arizuk, Javier López Jasok eta Ysi Calimak, besteak beste, Iruñeko entzuleen aurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Gainera, uztailaren 13an, R de Rumbak, Violadores del Verso gaztelaniazko hip-hop bandarik ezagunenetarikoaren DJak, saio berezia egingo du.