Itxi

'Ramones' diskoak 35 urte bete ditu

Erredakzioa

1976ko apirilaren 23an, duela 35 urte, Ramones New Yorkeko taldeak punkaren diskorik esanguratsuenetakoa argitaratu zuen.

The Ramones taldearen debuta inoiz rock talde batek argitaratu duen lehen disko eraginkorrenetakoa izan da. Ramones lan azkarra da, amorruz egindakoa eta hainbat belaunaldik jaso dituzten ereserkiz beteta dagoena. Sexuaz, surfaz edo B serieko filmez ari den disko honek punk rockaren jaiotza ekarri zuen.

Queens barrutian sortu zuten The Ramones taldea erdi mailako familietan jaiotako lau gaztek. Aurretik, bere inguruko talde apalagoetan jotzen hasi ziren eta, hainbat kasualitateren ondorioz, Tommy, Joey, Dee Dee eta Johnny Ramonek taldea sortu eta Paul McCartneyk Beatlesen garaian erabiltzen zuen ezizenaz bataiatu zuten.

CBGB New Yorkeko areto mitikoan eskaini zituzten lehen emanaldiak; geroago, aretoko ohiko talde bilakatu ziren eta hiriko eszena indartu zuten. 1975eko gau batean, Lisa Robinson Hit parader eta Rock scene aldizkarietako editoreak zuzenean ikusi zituen eta igortzen zuten energiarekin maitemindu zen. Danny Fields Stooges taldearen managerrarekin hitz egin zuen, haren babesaren bila. Horrez gain, Linda Steinek orduko bere senarra, Seymour Stein, konbentzitu zuen, Ramonesen lehen diskoa Sire records Richard Gottehrerekin batera kudeatzen zuen diskoetxean argitara zezan.

Aurrekontua 20.000 dolarrekoa bazen ere, diskoak 6.400 dolarreko kostua izan zuen eta zazpi egunetan grabatu zuten.

Diskoaren azala Meet the beatles The Beatles talde britainiarraren diskoarenaren antzekoa izatea nahi zuten, baina Roberta Bayley argazkilariak Punk aldizkarirako ateratako irudi bat aukeratu zuten. Gerora, punk rock mugimenduaren ikono bilakatu da irudi hori.

Diskoa ''Blitzkrieg bop'' abestiak irekitzen du. Lagun arteko giroa helarazten duen abestia da, eta, kontzertu batera doazen hainbat lagunen abenturak kontatzen dituzte hitzek. ''Hey ho, let´s go'' bertako leloa rockaren historian belaunaldi pilo batek gehien abestu duten oihua izan da. Kolpeek ''Beat on the brat'' kantuan jarraitzen dute, eta ''I wanna be your boyfriend'' abestian tonu erromantikoari heltzen diote. Biolentzia eta umorea ''Chainsaw'' kantuan datoz, The Texas Chain Saw Massacre filmari eginiko omenaldian.

Diskoko bitxikeria bat ''Now I want to sniff some glue'' kantuan dator, gainerako abestien sinpletasunari eusten badio ere, egitura konplexuagoa baitu. ''53rd 3rd'' abestia bi kaleon arteko bidegurutzeko gizonezkoen prostituzioaz ari da, eta askok Dee Dee bertan lan horretan aritutakoa zela baieztatzen dute.

Guztira 14 abesti biltzen dituen disko honen iraupena 29 minutu eta lau segundokoa da; garaiko disko azkar eta laburrenetako izan zen, beraz, baita punkaren disko eraginkorrenetakoa ere.