Uztailaren 14an
Berri Txarrakek Kobetan emango duen kontzertuan jotzeko talde bila ari da Ahotsenea
eitb.eus
“Berri Txarrak Lagun Artean” kontzertuan hirukotearen aurretik jotzeko zortzi talde edo bakarlariren bila ari da Durangoko Azokako gunea.
Uztailaren 14an, Berri Txarrak hirukoteak kontzertu jendetsua egingo du Kobeta mendian, Bilbon, Bilbao BBK Live jaialdia egiten den eremuan.
Hirukoteak hainbat gonbidatuz inguratuta emango duen kontzertuaren aurretik, baina, hainbat jarduera antolatu dituzte espazio horretan, besteak beste, Ahotsenea Durangoko Azokako gunearen lagin bat. 16:30etik 20:30era, Berri Txarraken emanaldiaren atariko gisa, zortzi talde edota bakarlariren kontzertuak izango dira bi oholtzatan.
Emanaldi horiek egingo dituzten taldeen bila daude Ahotsenekoak, eta, horien esanetan, honako baldintza hauek bete behar dituzte hautagaiek: euskaraz kantatzea eta 2019an diskoa argitaratu izana, formatua edozein dela.
Ahotsenearen arduradunek zehaztu dutenez, zortzi talde edo bakarlarik baino gehiagok izena emanez gero, genero parekotasuna eta lurraldetasuna izango dituzte kontuan aukeratzeko orduan, bi esparru horietan oreka bilatze aldera.
Izena emateko, ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidera idatzi behar da, ekainaren 6ko goizeko bederatzietatik aurrera.