Donostiako 54. Jazzaldia
Zahara, Belako eta Dorian Agertoki Berdean, Donostiako Jazzaldian
eitb.eus
Joan Baez, Jamie Cullum, Stinus Vidal, Neneh Cherry eta Nøgen dira Zurriolako hondartzako agertokian ariko diren beste talde eta bakarlariak.
Agertoki Berdearen egitaraua itxi dute Donostiako Jazzaldiaren 54. edizioaren antolatzaileek. Zaharak, Belakok eta Dorianek ere joko dute, uztailaren 24an Joan Baezek (20:45) eta Jamie Cullumek (23:30) inauguratuko duten espazioan.
Gaur iragarritako hiru proposamenetatik bi uztailaren 25ean ikusi ahalko dira, Zaharak eta Dorianek egun horretan joko baitute hondartzan. Biharamunean, Stinus Vidal izenaren pean, Jaime Stinus donostiar gitarrista (Orquesta Mondragón ezagunaren sortzaileetakoa) eta Xavi Vidal abeslaria, katalanez abestutako rockaren aitzindarietako bat, arituko dira zuzenean, Neneh Cherryren aurretik.
Azkenik uztailaren 27an, larunbatarekin, Nøgen folk pop taldeak eta Belakok joko dute Agertoki Berdean.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, artista gazteak, emakumezkoak eta euskal taldeak bultzatzeko saiakera egin dute programazioa osatzeko orduan.