Itxi

365 Jazz Bilbao

Madeleine Peyroux gaur Bilbon, sarrerak agortuta

Erredakzioa

Zuzenekoa 20:00etan izango da Bilboko Filarmonika Elkartean. Aurresalmentako sarrerak agortuta daude, baina aparteko salmenta izango da aretoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenago.

Madeleine Peyroux abeslari, konpositore eta gitarra-jotzaile estatubatuarra Bilbon arituko da gaur, zuzenean, estreinakoz. 365 Jazz Bilbao jaialdiaren baitan eskainiko du kontzertua.

Bizkaiko hiriburuko Filarmonika Elkartean arituko da zuzenean nazioarteko jazz munduko izar handia. Ikusmin handia piztu du Madeleine Peyrouxen emanaldiak, eta aurretiko salmentako sarrerak agortuta daude aspaldi. Baina aparteko salmenta izango da aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 6 eurokoa da.

1973an jaio zen Madeleine Peyroux, Georgian. Brooklynen, Hego Kalifornian eta Parisen bizi izan zen, eta azken hiri honetan hasi zen kantatzen, kaleko hainbat talderekin. Gerora, Lost Wandering Blues Jazz Band taldean aritu zen, eta hainbat urtez ibili izan zen Europan zehar banda honekin.

Berriro Estatu Batuetara itzuli zen, eta 1996an Dreamland estreinako lana kaleratu zuen. 200.000 ale baino gehiago saldu zituen diskoak, eta ospea jarraian iritsi zitzaion.

Zortzi urteko isilunearen ondoren, Careless Love bere bigarren lana argitaratu zuen 2004an, arrakasta errepikatuz. Urte horretan ere dendetara heldu zen Got You On My Mind William Galisonekin egindako lana. 2006an Half The Perfect World kaleratu zuen, eta 2009koa dugu orain arteko bere azken lana: Bare Bones. Ekainean iritsiko da Standin''on the Rooftop lan berria.

Albisteak (1)