Itxi

Urteurrena

Bob Dylan artistak 70 bete ditu, bira berria abiatu aurretik

Erredakzioa

Horren biografoak aspaldi grabatu zuen elkarrizketa batean, heroinaren mende egon zela eta bere buruaz beste egitea pentsatu zuela aitortu zuen. Adierazpenok ere liburu batean aireratuko dituzte.

Bob Dylanek 70 urte beteko ditu astearte honetan, Europan bira berriari ekiteko prest, eta eszenatokietarako grina bizi-bizi duela. Zazpi hamarkada horietatik bost egin ditu taula gainean, eta, ibilbide horretan, musikari askoren inspirazio iturri eta hainbat eztabaidaren protagonista ere izan da.

Urtebetetze horrek eragindako oihartzunetik at bizi omen da Bob Dylan (Robert Allen Zimmerman, Duluth, Minnesota, 1941eko maiatzaren 24a). Oraingoz, bere webgunean (bobdylan.com) ez dago inongo aipamenik horren inguruan.

Orain egun batzuk mezu bat utzi zuen musikariak bertan, baina Txinan eman berri duen kontzertuan inongo zentsurarik jasan ez zuela argitzeko. ''''Zentsura jasan zuen abesti, bertso edo lerrorik egon izan bazen, ez zidan inork esan, inoiz ez; jo nahi genituen kantu guztiak jo genituen'''', esan du bere jarraitzaileei zuzendutako mezu batean.

Asiako herrialdean eman behar zuen estreinako zuzeneko horretan aldarrikapen kutsu gehiena duten abestiak jo ez izana leporatu diote musikariari, eta Ai WeiWei artista txinatarra aipatu ez izana ere kritikatu dute. Baina, adituek diotenez, horren zuzenekoetan aspaldi ez dira entzuten "Blowin'' in the wind", "The times they are a-changin''" eta "A hard rain''s a-gonna fall" lanak.

1962an kaleratu duen Bob Dylan bere lehenbiziko lana. Gerora iritsi ziren aldarrikapen politikoetan himno klasiko bihurtu diren kantuak biltzen dituzten The Freewheelin'' Bob Dylan (1963), The Times They Are a-Changin (1964), Another Side of Bob Dylan (1964), Highway 61 Revisited (1965) eta Blonde on Blonde (1966) diskoak.

Bere garairik arrakastatsuenaren lehenengo fasea izan zen hura. Jarraian, lan ''''elektrikoagoak'''' kaleratu zituen, tartean New Morning (1970), Pat Garrett Billy the Kid (1973), Desire (1975) eta Blood on the Tracks (1975).

1990eko sortze-estutasunetik Time Out of Mind (1997) eta Modern Times (2006) lanekin irten zen, eta orain bi urte kaleratu zuen kantu berriak biltzen dituen bere azken diskoa. Gabon kantak eta orain arte argitaratu gabe zuen materiala kaleratu du orain.

70 urte beteko dituen honetan, musikariaren irudi berriak argitaratuko dituzte: 1963an Walthan (Massachusetts) herriko folk jaialdian eskainitako zuzenekoaren irudiak, zehazki.

Baina, ez da hau argitaratuko den material bakarra: 60ko hamarkadan bere biografoari eskainitako elkarrizketa baten hainbat zati kaleratuko dituzte egun hauetan. Bertan, Dylanek aitortu egin zuen heroinaren mende egon zela, eta bere buruaz beste egitea ere pentsatu zuela. "New Yorken utzi nuen heroina. Denboraldi batez heroinaren oso menpe bizi izan nintzen. Egunean 25 dolarreko bizioa zen, baina utzi egin nuen'''', esan zuen Bon Dylanek Robert Shelton bere biografo eta lagunak 1966an hegazkin batean grabatu zion elkarrizketa horretan.

Urte horretan, eztabaida handia eragin zuen Dylanek, folk oinarriak utzi eta rock musikaren alde egin zuenean. Gerora, The Band taldea osatuko zuen hainbat musikarirekin bira egin zuen Europa mailan, eta sortutako eztabaida horren erakusgarri izan zen Manchesterren eman zuen zuzenekoan gertatutakoa: ikusleetako batek ''Judas'' deitu zion.

Sheltonek BBC telebista katean azaldu duenez, adierazpen horiek (besteak beste) No Direction Home izeneko liburu batean argitaratuko ditu.

Argitalpen berri hauek gorabehera, Bob Dylanek ''Etenik gabeko'' birari berriz ekiteko asmoa du, ekainaren 16an. Irlandan hasiko da, eta, hilabetean, hainbat zuzeneko eskainiko ditu Erresuman Batuan, Israelen, Norvegian, Suedian eta Estatu Batuetan.

Artistaren omenez ''Forever Young'' erakusketa irekiko du aste honetan Grammy sarien museoak. Bertan gogoratuko dutenez, 12 Grammy sari irabazi ditu Bob Dylanek, tartean urteko disko onenaren bi sari.

Urrezko Globo bat du eta Oscar saria ere irabazi zuen 2011n, Wonder Boys pelikularako idatzitako ''''Things Have Changed'''' abestiagatik.

70 urte horietatik, 50 egin ditu eszenatoki gainean. Ibilbide horretan 1966a nabarmendu behar da, moto istripu larria izan baitzuen orduan.

Bi aldiz ezkondu da Bob Dylan: 1965ean Sara Lowndsekin (lau seme-alaba izan zituzten, tartean Jakob, eta 1977an banandu ziren), eta 1986an Carolynn Dennisekin (alaba bat izan zuten, eta ezkondu eta sei urtera bereizi ziren).

Orain arte, bi lanetan bildu dute musikariaren bizitza: Chronicles, Volume One (2004) memoria bilduman eta Martín Scorseseren No Direction Home (2005) filmean.

Bideoak (2)