Itxi

Biografia

Iñigo Muguruza, rock erradikaletik karibetar erritmoetara bidaiatu zuen sortzailea

EITB.EUS

Leer en Castellano

Iñigo Muguruza hainbat taldetan aritu zen: Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike.

Iñigo Muguruza ETBn egindako elkarrizketa batean. 2019ko irudia

Iñigo Muguruza (Irun, 1964-2019) musikari lotutako familia batean hazi zen eta euskal musikagintzan erreferente diren Kortatu, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetako kide izan zen.

Musikaz haratago ere aritu zen sortzaile gisa. Film labur bat zuzendu zuen, haurrentzako ipuin laburrez osatutako liburu bat argitaratu zuen eta antzerkigintzan ere ibili zen Ezekiel obrarekin.

14 urterekin abiatu zuen bere ibilbide musikala, Desband izeneko taldearen eskutik. 1984an sortu zuen Kortatu, Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin batera. Urtebete geroago eman zuten ezagutzera taldea, eta lau urte egin zituen: estudioko hiru album (Kortatu, 1985; El estado de las cosas, 1986; Kolpez Kolpe, 1988), zuzeneko disko bat (Azken guda dantza, 1988) eta hainbat single grabatu zituen. Halaber, 250 kontzertu baino gehiago eskaini zituen.

Kortatu deseginda, Iñigo Nikaraguara joan zen brigadista moduan lan egitera.

Bueltan, ibilbide musikalari heldu zion berriro, Fermin anaiaren eta Kaki Arkarazoren ondoan. 1990ean iragarri zuten Euskal Herriko bandarik garrantzitsuenetako baten sorrera: Negu Gorriak. Hirukote gisa hasi ziren, baina boskote bilakatu ziren laster, taldera Mikel 'Anestesia' (baxua) eta Mikel 'BAP!' (bateria-jotzailea) bilduta.

Aldi berean, Delirium Tremensek bigarren gitarrista bezala fitxatu zuen Iñigo. Bi proiektuak uztartu zituen, talde hori 1991n desegin zen arte.

Negu Gorriakek autogestioaren aldeko apustua egin zuen, eta diskoetxe propioa eratu zuen 1991n: Esan Ozenki. Lehendabiziko hiru urteetan, hiru album argitaratu zituzten: Negu Gorriak, Gure Jarrera eta Borreroak baditu milaka aurpegi.

Adituek eta musikazaleek taldearen lana goraipatu zuten, eta zenbait sari jaso zituen. Gainera, ehunka emanaldi eskaini zituzten Euskal Herrian nahiz atzerrian.

1994an Hipokrisiari Stop! Bilbon grabatutako zuzeneko diskoa kaleratu zuten. Urtebete geroago, Ideia zabaldu lana iritsi zen. Latinoamerikan egindako birak taldean izan zuen eragina agerikoa da bertan. Iñigoren diskorik gogokoena da.

Negu Gorriakek 1996an amaitu zuen bere ibilbidea. Salam, agur izan zen taldearen azken lana. Alabaina, 2001ean, agur esateko kontzertu bat eman zuten Baionan eta beste bat Donostian.

Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko buruzagiaren salaketa baten ondotik taldeak pairatu zuen prozesu judizialaren harira jaso zuten babesa eskertzeko ere baliatu zituzten bi emanaldiak.

Galindok 1993an jo zuen auzitegira Negu Gorriaken aurka, 'Ustelkeria' abestian droga-trafikoarekin lotzen dutela eta, bere izen onari kalte egin ziotela iritzita.

Zazpi urteko prozesu judizialaren ostean, Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen taldea, eta auzia behin betiko artxibatuta geratu zen.

Negu Gorriaken agurra iritsi baino lehen, Iñigok Joxe Ripiau taldea sortu zuen, Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin batera, karibetar eta latindar erritmoekin gozatzeko.

Ez zuen Kortaturekin eta Negu Gorriakekin lortutako arrakasta errepikatu, baina hiru disko argitaratu zituen, eta 'Positive bomb' eta 'Kaiser Soser' kantuak, besteak beste, sarritan entzuten ziren taberna eta txosnetan.

Joxe Ripiauren ostean, Sagarroi (2000), Lurra (2013-2017) eta Hiru Leike (bere azken taldea) iritsi ziren. Proiektu horien bidez, Iñigo bide berrietan murgildu zen, Kortatu edo Negu Gorriakeko gitarra zirikatzaileetatik aldenduta.

2015ean, esklerosi anizkoitza antzeman zioten. Hala ere, musikari lotuta jarraitu zuen, ostegun honetan zendu den arte.

Albisteak (3)