Itxi

Aintzatespena

Espainiako musika sari nazionala, Asier Polo eta Felix Ibarrondorentzat

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bilbotar biolontxelista interpretazio ataletan saritu dute, eta Ibarrondo konposiziokoan.

Félix Ibarrondo konposizio atalean saritu dute

Espainiako Musika Sari Nazionalaren epaimahaiak proposatu du 2019ko saria Asier Polori, interpretazio atalean, eta Felix Ibarrondori, konposizio atalean, ematea. Sariok Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen ditu, eta saridunotako bakoitzari hogeita hamarna mila euro dagozkio.

Epaimahaikideek Asier Poloren “interpretatzeko bikaintasun artistikoa eta nazioarte osoan bakarlari gisa egin duen ibilbidea” nabarmendu dituzte.

Kritika adituak bere belaunaldiko biolontxelista onenetakotzat jo du Polo, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenekin aritu da bakarlari gisa, besteak beste, John Axelrodek, Pinchas Steinbergek eta Christian Badeak zuzendutakoetan.

Halaber, agertokian, bere ondoan eduki ditu Silvia Marcovici, Nicolás Chumachenco, Sol Gabetta, Maxim Rysanov, Isabelle van Keulen, Josep Colom, Eldar Nebolsin, Gérard Caussé, Cuarteto Janácek, Cuarteto Casals eta Alfredo Kraus tenorra. Azken horrek bakarlari gisa eraman zuen azken urteetan.

Obra askotariko eta ugaria

Bestalde, epaimahaiak aintzat hartu ditu Felix Ibarrondok orkestra musikari, ahozko musikari eta musika elektroakustikoari egindako ekarpenak, baita Europako hainbat orkestrak horren lana interpretatu izana ere.

Epaimahaikideek Ibarrondok oraindik jarduera betean jarraitzen duela azpimarratu dute, eta horren erakusle da 2018an Akaitz 1994ko lana Zagreben estreinatu izana eta 2019an gauza bera egin izana Hamarka eta Entre bóvedas lanekin. Gainera, Barne Hegoak, Alas del Alma CD bikoitza kaleratu berri du.  

Ibarrondok oso obra askotariko eta ugaria sortu du, batik bat orkestrarako eta ahoz interpretatzeko, eta mundu osoko interprete bereziki ospetsuek eraman dituzte sorkuntza horiek agertoki gainera.