Kontzertu programa
EOSek Juanjo Mena eta Kalakan batuko ditu, 'Zuhaitz' estreinatzeko
eitb.eus
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Gabriel Erkorekaren lana estreinatuko du Euskal Herrian, hurrengo kontzertu programan, azaroaren 4tik 8ra, Hegoaldeko hiriburuetan.
Nazioartean oihartzun handiena lortu duen euskal orkestra zuzendaria bilakatuta, Juanjo Menak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko du berriz, Planetak programan.
Obra nagusiak Gustav Holsten lan homonimoa eta Gabriel Erkoreka euskal musikagilearen Zuhaitz izango dira, eta kontzertuak ohiko hiriburuetan izango dira, guztiak 20:00etatik aurrera: Gasteizko Principal antzokian astelehenean, azaroak 4; Iruñeko Baluarte auditoriumean asteartean, azaroak 5; Donostiako Kursaal auditoriumean asteazken eta ostegunean, azaroak 6 eta 7; eta Bilboko Euskalduna Jauregian ostiralean, azaroak 8.
Planetak Gustav Holsten lana 1918an estreinatu zuten, eta errepertorio klasikoko lan entzutetsuenetako bat da honezkero. Horrez gain, halaber, Zuhaitz Gabriel Erkorekaren obraren euskal estreinaldia egingo du Orkestrak. Erkorekaren esanetan, “naturaren defentsan egindako kantu bat, hobe esanda, oihu bat dela esan daiteke”. Kalakan abeslari-perkusionisten hirukotea izango du lagun orkestrak emanaldiotan.
Kontzertuotarako sarrerak salgai daude, 10 eta 35 euro arteko prezioan.