Ika-miken ondorioz
Carmen Rodriguez Susok Musikene utziko du
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu egingo du Rodriguez Susoren dimisioa eta izendatu berri duten batzordearen esku geratuko da Goi Mailako Musika Eskola.
Carmen Rodriguez Susok Musikene utziko du. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko koordinatzaileak dimisioa aurkeztu du, ikastetxeko ikasle, irakasle eta enpresa batzordeak behin eta berriz eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu egingo du Rodriguez Susoren dimisioa. Isabel Celaá Hezkuntza sailburuak atzo bertan iragarri zuen Patronatuan Rodriguez Susoren erabakia, eta dimisioa datozen orduetan gauzatuko da. Izendatu berri duten batzordearen esku geratuko da Goi Mailako Musika Eskola.
2009an izendatu zuten Carmen Rodríguez Suso musikologoa Musikeneko koordinatzaile. Joan den maiatzean, zuzendaritza taldeko 13 kidek dimisioa aurkeztu zuten. Orduan Susoren kudeaketa ''''despota'''' eta ''''pertsona bakarrak egina'''' dela salatu zuten. ''''Erregimen autarkiko honen arazoa nagusia da ez dagoela eredu argirik. Batetik bestera gabiltza, nora goazen ez dakigula'''', azpimarratu zuten.
Salaketa hauen ondoren, ikasleen protesta ere iritsi zen, eta grebak ere egin dituzte horiek Rodriguez Susoren dimisioa eskatzeko.
Egoera bere onera ekartzeko, Musikeneren kudeaketaren inguruko hainbat erabaki hartu zituen joan den maiatzaren 18an Hezkuntza Sailak. Juan Carlos Perez Musikeneko zuzendari akademikoa eta Carmelo Labirua-Iturburu ikastegiko arduradun ekonomikoa kargutik kendu zituzten, eta Musikene kudeaketa batzorde baten esku uztea erabaki zuten.
Hala ere, Carmen Rodriguez Susok zuzendaritzan jarraitu zuen. Ikastegiko koordinatzailearen dimisioa eskatzen jarraitu dute Musikeneko hainbat kidek, eta, azkenean, Carmen Rodriguez Susok Goi Mailako Musika Ikastegia utziko du.