''Ikusi Arte''
Agur, Berri Txarrak
Natxo Velez | eitb.eus
Hirukoteak asteburu honetan burutuko du agurra, Iruñeko Nafarroa Arenan, “geldialdi mugagabea” abiatu aurretik. 20.000 zale eta Nizuri Tazuneri eta Leihotikan taldeak izango ditu lagun.
Berri Txarrak badoa. Hirukoteak asteburu honetan esango dio agur publikoari Iruñean, Nafarroa Arenan, ostiral-larunbateetan kontzertua emanez. 10.000 pertsona baino gehiago izango dituzte lagun gau bakoitzean, baita Nizuri Tazuneri eta Leihotikan taldeak ere, ostiral eta larunbatean hurrenez hurren.
Ateak 19:00etan irekiko dituzte bi gauetan, handik bi ordutara hasiko da artista gonbidatuaren emanaldia eta 22:30etik aurrera Berri Txarrak bere azken kontzertuak emango ditu “etenaldi mugagabean” murgildu aurretik. Gorka Urbizurengan beti goraka joan den 25 urteko ibilbide oparo eta etengabeak eragindako “higadura emozional eta fisikoak” ekarri du gelditzeko erabakia, baita bere bizitzako taldeak ezartzen dizkion mugetatik at sortzen jarraitzeko gogoak ere.
Erregai emozionala eta pizgarri intelektuala
Atzean geldituko dira, igandetik aurrera, mende erdiz arriskuak, pasioak eta lan eskergak gidatu duten ibilbide musikala, estudioko bederatzi disko, mila kontzertu pasatxo, nazioarteko birak eta ia ehun kanta zintzo, atzo, gaur eta biharko entzuleentzako erregai emozional eta pizgarri intelektuala.
Berri Txarraken lorpenen zerrenda luzean, baina, garaipen bat gailentzen da ororen gainetik: errazkeriaren aroan inertziak uxatu dituzte, eta ziurgabetasunen aroan helduleku emozionala eskaini.