Itxi

46. Heineken Jazzaldia

Toots Thielemansek jasoko du 2011ko Donostiako Jazzaldia Saria

Erredakzioa

Jazz musikari egindako ekarpena sarituko diote horrela musikari belgikarrari.

Toots Thielemans, 2011ko Donostiako Jazzaldia Saria

Toots Thielemans musikari belgikarrak jasoko du 46. Heineken Jazzaldiko Donostiako Jazzaldia Saria. Jazz musikari egindako ekarpena saritu nahi dio jaialdiak 1994tik aurrera banatzen duen garaikurra aurten berari emanez.

Donostiako Heineken Jazzaldia 1994an hasi zen sari hau banatzen, eta, ordutik, besteak beste, Hank Jones (1996), Chick Corea (1998), Bebo Valdés (2003), Herbie Hancock (2006), Wayne Shorter (2007), Roy Haynes (2009) eta Ron Carter (2010) musikariek jaso dute.

1922an Bruselan jaio zen musikari honek ahoko soinuarekin egindako ibilbidea txalotu nahi dio horrela Jazzaldiak; izan ere, musika-tresna horren soinuari leku nabarmena eman dio jazz eszenan. 1952an, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta artista garrantzitsu askorekin aritu zen, Charlie Parker eta George Shearing handiekin, esaterako.

Ahoko soinuaz ez ezik, gitarrarekin ere soinu berezia lortu zuen, eta eragin handia izan zuen garaiko jazz musikarien artean. 1962an idatzitako Bluesette doinua, esaterako, klasiko bihurtu zen.

Kontzertu ugari eskaini ditu azkeneko urteetan eta zinemarako ere lan egin du Midnight Cowboy, The Getaway, Jean de la Florette, Sugarland Express eta Cinderella Liberty filmetarako kantuak eginez.

Toots Thielemansek uztailaren 25ean eskainiko du kontzertua Kursaaleko agertokian, 46. Heineken Jazzaldiaren programazioaren baitan.