Kargatzen...
Itxi

Otsailak 11-14

Musika metro geltokietan, Bilboko metroaren 25. urteurrena ospatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Luck Chopsek, Crazy Jazzersek eta Broken Brother’s Brass Band iruindarrek kontzertuak eskainiko dituzte hainbat metro geltokitan otsailaren 11tik 14ra.

Broken Brother's Brass Band taldea izango da parte-hartzaileetako bat

Metro Bilbaok Metro Music Fest ekimena aurkeztu du gaur: funkaren eta jazzaren artean mugitzen diren hiru taldek kontzertuak emango dituzte metro geltokietan 2020an, Bilboko metroak 25 urte beteko dituela ospatzeko.

Otsailaren 11tik 14ra izango dira emanaldiak. Lehen bi egunetan, Luck Chops New Yorkeko funk taldeak joko du; hilaren 13an, Crazy Jazzers 1920ko hamarkadako jatorrizko jazza egiten duen bilbotar taldeak, eta Broken Brother’s Brass Band iruindar taldearen txanda iritsiko da azken egunean. New Orleanseko kale taldeen eragina du, eta, besteak beste, Donostiako Jazzaldian jo du.

Kontzertuak txartelak balioztatzeko makinen aurrean izango dira, baina oraindik ez dute iragarriko zein geltoki aukeratu dituzte, Eneko Arruabarrena Metro Bilbaoko zuzendari gerenteak azaldu duenez. Ez da sarrerarik erosi beharko, baina, segurtasun arrazoiengatik, mugatu egingo dute jende kopurua.