Itxi

Abenduak 28

Su Ta Gar, Huntza eta Gatibu, 'maitasunaren apologiaren' gidari Hatortxu Rocken

eitb.eus

Leer en Castellano

Euskal presoei eta senideei babesa emateko jaialdiaren 23. edizioa egingo dute abenduaren 28an, larunbatarekin, Atarrabian. Sarrera guztiak agortuta daude.

Huntza taldeak 17:05ean joko du, "Etxera" agertokian. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Jaio eta hogei urtetara, Hatortxu Rock euskal presoak eta horien senideak babesteko jaialdi solidarioaren 23. edizioa egingo dute larunbatean, abenduak 28, Atarrabian. Bi agertokitan, talde hauek joko dute arratsaldeko lauretatik goizeko sei eta erdietara: Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nøgen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy.

Aurten, “Maitasunaren apologia” lelopean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du Hatortxu Rockek: “senideei maitasuna adierazteko eskubidea, lagunari maitasuna adierazteko eskubidea, espetxean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea, etxera bidean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea edo deserrian dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea”, ohar batean azaldu dutenez.

Guztira, denetariko 18 taldeko joko dute Atarrabian, besteak beste Huntza taldeak, Mexiko eta Kubara eraman dituen biratik bueltan eta datorren urtean Euskal Herrian oso gutxi joko dutela abisatuta; Gatibuk, taldearen 20. urteurrena ospatzeko atarian; Su Ta Garrek, betiko heavy zorrotzarekin; Tremenda Jauria dantzagarriek; Durangoko Azokaren azken edizioan jakin min handia piztu duen ETSk; Onki Xinek; Nøgenek, “Liv Til Døden” diskoko biraren azkenaurreko kontzertuan (urtarrilaren 5ean itxiko dute, Victoria Eugenian, kontzertu berezi batekin); Xabi Bandinik eta Nerabek.

Talde horiek guztiek eta beste askok hiru agertokitan joko dute, 16:00etan hasi eta hamalau ordu geroago bukatuko den jaialdian. Horretarako, 700 boluntario arituko dira lanean, besteak beste, jaialdia emakumeentzako gune seguru bihurtzeko helburuz, informazioa banatzen eta erasorik ez dagoela bermatzen lanean arituko diren brigadetako kideak eta informazio puntuan arituko direnak.

 

Albisteak (1)