6. edizioa
2011ko Bilbao BBK Livek markak hautsi eta 100.000 lagun bildu ditu
Erredakzioa
103.083 lagun izan dira, iaz baino % 26 gehiago. Egunik jendetsuena osteguna izan da, 37.566 lagunekin. Gainera, 'Green and Clean' saria eskuratu du jaialdiak, ''ingurumenarekiko konpromisoagatik''.
100.000 lagun baino gehiago izan dira Bilbao BBK Live 2011 jaialdian. Aurtengo edizioak, seigarrena, marka guztiak hautsi ditu, izan ere, iaz baino % 26 gehiago hurbildu da Kobetamendira.
Egunik jendetsuena osteguna izan da, 37.566 lagunekin, Coldplay taldearen zuzenekoaz gozatzeko. Gainera, Blondiek, Beady Eyek, Russian Redek eta Ken Zazpik, besteak beste, euren emanaldiak eskaini zituzten.
Ostiralean 30.127 pertsona bildu ziren, tartean Suede, Kasabian, Kaiser Chiefs, Vetusta Morla eta Noisettes taldeen kontzertuak ikusi eta entzuteko. Larunbatean, azken egunean, 35.390 lagun izan ziren. The Black Crowes, Chemical Brothers, Jack Johnson, 30 Seconds to Mars, M-Clan eta Enkore taldeek, besteak beste, amaiera borobila eman zioten jaialdiari.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hiru egunetako jaialdian zehar ez da aparteko gertakaririk jazo eta medikuek lagun gutxi batzuk artatu behar izan dituzte.
'Green and Clean' saria
Aurten, gainera, Green and Clean Award, Yourope Elkarteak ematen duen saria, jaso du Bilboko jaialdiak, ''ingurumena zaintzeko agertu duen
erantzukizun eta konpromisoagatik''.
Eragin ekonomikoa
Bilbao Next enpresak bildutako datuen arabera, 16.184.257 eurokoa izan da jaialdian izan diren 100.000 pertsonek utzitako eragin ekonomikoa. Besteak beste, zuzenekoetan izan diren ikusleek egindako gastua, eta antolakuntzak eta babesleek egindako gastua ere jasotzen du zenbateko horrek.