Itxi

35. edizioa

Kyle Eastwood arituko da gaur Gasteizko Jazzaldian

Erredakzioa

Clint Eastwooden semeak Michael Stevens musikari eta konpositorearekin batera sortu ditu, besteak beste, Million Dollar Baby, Mystic River eta Gran Torino filmetako soinu bandak.

Kyle Eastwooden kontzertuarekin bere ibilbidearen erdia beteko du gaur Gasteizko 35. Jazzaldiak. Clint Eastwooden semea musikari ezaguna da, besteak beste, Michael Stevensekin batera sortutako soinu bandengatik. Izan ere, Million Dollar Baby, Mystic River eta Gran Torino filmetako musika egin dute elkarrekin.

Mendizorrotzako programazioa Nigel Kennedyk osatuko du. Biolinista klasikoen artean disko gehien saldu dituen artista dugu. Jazz musika eginez, ''Blue Note Sessions'' diskoa argitaratu zuen Blue Note diskoetxe mitikoan, eta musikari ezagun askoren laguntza izan zuen grabatzeko, Ron Carter handiarena esaterako.

Printzipal Antzokian David Binney Quartet laukotea arituko da. Gil Evans eta María Schneider ospetsuen banda handietan lortu zuen arrakasta David Binney saxofonistak, eta bere ibilbide laburrean 12 estudioko disko argitaratu ditu dagoeneko.

Datozen egunetan Mendizorrotzan egingo dituzten kontzertuak:

Asteazkena, uztailak 13: Kyle Eastwood.

Osteguna, uztailak 14: Jamie Cullum izango dugu Gasteizen, berriz. Aurretik, José James izango da eszenatokian (joan den urteko programan sorpresa handienetako bat izan zen James).

Ostirala, uztailak 15: Rubén Blades eta Michel Camilo. Ruben Bladesek 20 disko baino gehiago ditu kalean, eta bertako arrakastak entzungai izango dira Gasteizen, Todos vuelven live azken lanean bildutakoak barne. Michel Camilo, bestalde, teknika bikaineko piano-jotzaile eta konpositorea dugu. Karibeko doinuak jazzarekin eta musika klasikoarekin maisukiuztartzen ditu.

Larunbata, uztailak 16: Miles Davisi omenaldia, Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller handiekin. Danilo Perezek ere emanaldia eskainiko du larunbatean.

Bideoak (2)