35. edizioa
Jamie Cullum arituko da gaur Gasteizko Jazzaldian
Erredakzioa
Jose James abeslariak eskainiko du Mendizorrotzan ahots-jazzean oinarritutako gaua.
Gasteizko 35. jazzaldiak ahots-jazzean oinarritutako gaua antolatu du gaur gauerako Mendizorrotzako agertokian. Jamie Cullum berriz izango da Gasteizen, distiraz eta energiaz betetako emanaldia eskaintzeko.
Aurretik, Jose James abeslariak duela bi urte jaialdi honetan artista berriei eskainitako sailean lortu zuen arrakastaren zergatia erakutsiko du. Gaur egun jazz musika eta doinu urbanoak maisuki nahasten dituen artista honek hip hop, soul eta drum bass doinuak bilduko ditu bere emanaldian.
Printzipal Antzokian, Alfredo Rodríguez Trio taldea arituko da. 2010eko edizioan, Quincy Jonesek gomendatu egin zuen musikari kubatar gaztearen (oraindik ez ditu 25 urte bete) proiektua.
Datorren ostiralean, uztailak 15, Rubén Bladesen eta Michel Camiloren txanda izango da. Ruben Bladesek 20 disko baino gehiago ditu kalean, eta bertako arrakastak entzungai izango dira Gasteizen, Todos vuelven live azken lanean bildutakoak barne. Michel Camilo, bestalde, teknika bikaineko piano-jotzaile eta konpositorea dugu. Karibeko doinuak jazzarekin eta musika klasikoarekin maisuki uztartzen ditu.
Larunbatean, uztailak 16, jaialdian azken jardunaldia egingo dute Miles Davis omenduta. Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller handiek parte hartuko dute bertan. Danilo Perez ezagunak ere emanaldia eskainiko du.