Itxi

Irailaren 8tik 11ra

Abian da Getxoko Nazioarteko XXVII. Folk Jaialdia

Erredakzioa

Korrontzi, The Unusual Suspects folk orkestra, Idir, Audience eta Dulce Pontes ezagunek munduko musikak hurbilduko dizkigute lau egunetan zehar.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Getxoko Nazioarteko XXVII. Folk Jaialdiak munduko musikak hurbilduko dizkigu irailaren 11 bitartean. Besteak beste, Korrontzi, The Unusual Suspects folk orkestra, Idir, Audience eta Dulce Pontes arituko dira bertan.

Korrontzi talde bizkaitarrak hasiko du jaialdia, irailaren 8an. Musika eta dantza uztartzen dituen 'Urratsa' ikuskizunean Oinkari dantza-taldearen eta Igor Yebra dantzariaren laguntza izango du taula gainean.

Irailaren 9an, The Unusual Suspects folk orkestra talde eskoziarrak doinu zeltak ekarriko dizkigu. 'Big Like This' ikuskizuna aurkeztuko du Getxon Anna Massiek, Ewan Robertsonek, Rory Campbellek eta Aidan O'Rourkek osatzen duten taldeak.

Aljeriako Idir kantautoreak Berberiako jendearen ahotsa erakutsiko du. Irailaren 10ean eskainiko duen emanaldian, bere herriko musika aldatu zuen abeslaria zuzenean ikusteko aukera aparta izango da.

Aurtengo izar nagusia irailaren 11n arituko da. Dulce Pontes portugaldarra azken urteetako fadoaren ahots esanguratsuenetakoa da.

Emanaldi bereziak

Eszenatoki nagusiko emanaldiez gain folk musikaren zaleek eskaintza berezia izango dute arratsaldeetan egingo diren emanaldiekin

Tambor de Saia taldeak doinu brasildarrak, Seafoiden doinu zeltak, Josemi Carmonaren (Ketama) flamenko proiektu berria eta Maria Berasarte abeslari donostiarraren fadoaren omenezko saioa izango dira protagonistak.

Gauez, Munduko Terrazan, hiru talde ariko dira. Audience taldeak 'Audience Plays Amerikanuak' ikuskizuna aurkeztuko du. Ruaille-Buaille talde euskal-irlandarrak erritmo zeltak ekarriko ditu, eta, azkenik, jatorri anitzeko musikariak biltzen dituen Felah Mengus taldeak flamenkoan eragin handia izan duten doinuak eskainiko ditu.

Gainera, haurrentzako saioak egongo dira irailaren 10ean eta 11n, Flamenko Kids eta Areetako Andres Isasi Musika Eskolako bandaren eskutik.

Arratsaldeko saioak Areetako Geltokiko plazako aparkalekuan egingo dira, 19:00etan. Saio nagusiak plaza horretako plazan egingo dituzte, 21:00etan, eta, azkenik, arratsaldeko emanaldiak egiten diren karpan egingo dituzte Munduko Terrazako kontzertuak, 23:00etan.

Bideoak (1)