Koronabirusa
Bertan behera utzi dute urriaren 31n egitekoa zen OrozkoRock 2020 jaialdia
Agentziak | Erredakzioa
Kontzertuak ezingo lituzkete programatutako formatuan egin, COVID-19ak ezarritako murriztapenengatik. Hori dela eta, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute.
Antolatzaileek bertan behera utzi dute urriaren 31n egitekoa zen OrozkoRock 2020 jaialdia. Zazpi banda zeuden kontratatuta jaialdirako: hain zuzen ere, Sua, The Lizards, Toundra, The Riff Truckers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Kurkuma eta Eraso!; hala ere, kontzertuak ezingo lituzkete programatutako formatuan egin, COVID-19ak ezarritako murriztapenengatik, eta, beraz, ez dute egingo.
COVID-19ko zoritxarreko krisia nolako bilakaera izaten ari den ikusita, antolatzaileek jakitera eman dute OrozkoRock "ezingo dela egin gustatuko litzaizkigukeen baldintzetan". Hori dela eta, "egun ematen ari diren berragertzeak kontuan izanik, eta sektorearen eta bereziki gure taldearen ziurgabetasunari erreparatuta, ikusten dugu ezinezkoa dela jaialdia egin, hasieran proposatutako formatuan".
Orozkoko herritarren eta musikagintzaren aldetik jasotako babesa eskertuta, ziurtatu dute egoera honek gauza bakarra ekarriko duela: "2021ean inoiz baino indartsuago bueltatuko garela".
Sarrerak itzultzeko, Internet bidez erositakoak automatikoki itzuliko dituzte, eta Orozkotik kanpoko salmenta-puntuetan erositakoak puntu horietan erreklamatu beharko dira. Orozkon erositakoak abuztuaren 28an eta irailaren 5ean itzuliko dituzte, Herriko Plazan, 18:00etatik 21:00etara arte.