Itxi

Saria eta lan berria

'Old ideas', Leonard Cohenen disko berria

Erredakzioa

10 kantuk osatzen dute lana, eta, seguruenik, urte amaieran kaleratuko du. Ostiralean Letren Asturiasko Printzearen saria jasoko du abeslariak.

Ostiral honetan jasoko du Leonard Cohenek Asturiasko Printzearen Letren saria. Argazkia: EFE

Leonard Cohenek disko berria bukatu berri duela iragarri du asteazken honetan Oviedon. Ostiralean Letren Asturiasko Printzearen saria jasoko du hiri horretan Kanadako idazle eta abeslariak, eta lan berri honen inguruan aritu da kazetarien aurrean eskaini duen prentsaurrekoan.

10 kantu berrik osatzen dute diskoa, eta, dagoeneko, hainbat pertsonari erakutsi die lan berriaren emaitza. ''Ematen du gustuko dituztela kantuak'', esan du Cohenek. Disko berria urte bukaeran kaleratuko du seguruenik, eta artistak oraindik ez dauka argi lana aurkezteko birarik egingo ote duen.

Ostiralean jasoko du Letren Asturiasko Printzearen saria
Bizitza ''bukaerarik gabeko balada gisa'' kontatzeko gaitasunagatik, poesia eta musika uztartzeko duen ahalmenagatik eta mundu osoko hiru belaunalditan eragina izan duen lana sortzeagatik saritu dute Leonard Cohen (Montreal, 1934). Ostiralean jasoko du Letren Asturiasko Printzearen saria kazaetarien aurrean ohikoa duen kapela jantzita agertu den artista.

Lorcaren eragina
Prentsaurrekoa hasi orduko, Asturiasen jaso duen ongietorria eskertu du Cohenek, eta gaztelaniaz hitz egiten ez jakiteagatik barkamena eskatu du, bereziki bertako kulturak artistarengan izan duen ''eragin handia'' kontuan izanda. Izan ere, Federico Garcia Lorcak, flamenkoak eta espainiar gitarrak bere bizitzan oso eragin sakona izan dutela azpimarratu du. Gogoratu du Lorcaren eragin hori bere alabaren izenean ere islatzen dela, eta "Take this Waltz" kantua Granadako olerkariari eskaini ziola.

Kazetarien barrea ere eragin du artistak bere literatur lanen inguruan zein gomendatuko lukeen galdetuta. ''Ez galdu denborarik, ez dutelako merezi. Oso zaila da niretzat nire liburuetako bat gomendatzea, hain denbora libre gutxi eta hainbeste literatura lan on ditugun garai honetan'', esan du Cohenek. "El juego favorito" eta "Los hermosos vencidos" fikziozko eleberriak kaleratu ditu Cohenek.

Begikoak ditu suminduak
Suminduen mugimendua begiko duela aitortu du artistak, berak ere badituelako lana galdu duten eta gaizki pasatzen ari diren lagunak. Kulturari zuzendutako gastuen murrizketengatik atsekabea agertu du, eta, ziur dago, gobernuen babesarekin edo babesik gabe, kultur sorkuntzak aurrera egingo duela.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)