Kargatzen...
Itxi

Elkarrizketa

Kuartz: “Aseta sentitzea zaila da, eta horrek digu aurrera joateko gogoa ematen”

Natxo Velez | EiTB Media

Leer en Castellano

Kuartz baxenabartar bikoteak bere bigarren diskoa kaleratu du, bateria erritmo indartsu eta gitarra riff dirdiratsuz ondutako rock zabaleko lan bizia.

Ibes Mongabure eta Oihan Delavigne, Kuartz taldea

“Sortu arindu” kantu jostalariak abiatzen duenetik, zaila da Kuartz baxenabartar taldearen bigarren lanak (CDan eta digitalean merkaturatuta) hartzen dituen 38 minutuetan hankarekin edo beste zeinahi gorputz atalekin erritmoa jarraitzeari uztea. Ibes Mongaburek (gitarra eta ahots nagusia) eta Oihan Delavignek (bateria eta ahotsak) sinatzen duten diskoan, bluesaren kadentziak, rockaren primitibotasun zintzoak eta stonerraren sakontasunak bat egiten dute.

II by Kuartz

Kuartzek diskoan paratutako hamar kantuei blues rockaren oihartzuna, ahots melodia inspiratuak, riff astunak, bateria kolpe sarkorrak eta, oroz gain, rockaren bizitasun eta indarra darie. Eta bide horretan, ezinbestean, bikoak ezin dio itzuri egin –barka bekit originaltasunik eza– stonerra jotzen duen talde orok jasan behar duen Queens of the Stone Agerekiko eta Kyussekiko konparazioen itzal likatsu eta saihestezin baina agerikoari, ezta, blues rock erroko bikoa izanik, The Black Keysekiko alderaketei.

Nolanahi den, hori baino gehiago dago lanean, eta Ibesekin eta Oihanekin hitz egin dugu “II” diskoari buruz gehiago jakiteko.

Kuartz lehen diskoa atzean utzita, zer aldatu eta zeri eutsi nahi zenioten “II” honetan?

Ibes: Disko honi “II” izena eman diogu, lehen diskoaren segida bezala ikusten baikenuen. Ez dugu erraten ahal aurretik pentsatutako kontzeptu bati lotua dela. Estudiora iristean, kantu batzuek kasik bi urte zituzten eta beste batzuk azken hilabetean konposatu genituen.

Hala ere, kantuak desberdinak dira lehenengoarekin konparatuta, zuzenekoek irakatsi baitigute zer martxan den eta zer gutiago.

Oihan: Lehen lanari begira, bigarren disko honekin gauzak sakondu nahi izan ditugu, soinu mailan eta irudi mailan. Gure musika aberastu nahi genuen, proiektuan tresna edo teknika berriak sartuz.

Eta emaitza ikusita, aseta gelditu zarete lanarekin?

Oihan: Emaitzarekin pozik gaude, baina aseta sentitzea zaila da, eta horrek digu aurrera joateko gogoa ematen.

Zer eman die Jeremie Garat ekoizleak oraingoan zuek sortutako kantuei? 

Ibes: Usaia dugu Jeremierekin lan egitea, laguna da. Berarekin, beste ikuspuntu bat gehitzen diogu proiektuari. Moldaketak ere proposatzen dizkigu, perkusioetan, kantuaren melodian…

Gero eta ohikoagoak dira gitarra-bateria bikoteek osatutako taldeak. Musikari gisa, zer abantaila eta desabantaila ekartzen ditu formatu horrek?

Oihan: Zuzenekoetan, erronka izan daiteke ahal bezain soinu potoloa egitea, laukote baten itxura izatea.

Usu esaten dugun bezala, bi bakarrik izateak antolaketa errazten dizu, errazagoa da erabakiak hartzea eta musikaz kanpoko lan guzia bitan bakarrik zatitu behar duzu.

Ibes: Formatu honek, berriz, trabak ezartzen dizkizu konposatzean, hara nola ez dituzu bi gitarra sortzen ahal, ez baxurik bere aldean jotzen duenik, baina azkenean irudimena bultzatzen dizu, eta, egia erran, aski eroso sentitzen gara molde honetan.  

Ezinbestean, ondo baino hobeto ezagutzen duzue elkar musikari gisa. Ibes, nola definituko zenuke Oihan bateria gisa?

Oihanek proiektuaren ikuspuntu orokorra du, eta bateria musikaren zerbitzuko uzten du beti. Hori estudioan ere sentitzen ahal da, perkusio gehigarriak sartzen dituelarik kantu baten apaintzeko. Zuzenekoak moldatzeko ideiak ere berak ditu ekartzen.

Oihan, nola definituko zenuke Ibes gitarrista eta abeslari gisa? 

Ibes proiektuaren burua da. Berak ditu kantu guziak abiarazten bere gitarra riff indartsuekin eta bere ahots sentikorrarekin. Indarrez eta nostalgiaz betetako unibertso bat proposatzen digu. Asko gustatzen zait. Bere zorroztasunari esker, proiektua aitzina doa eta, kide gisa, gu ere bai.

Diskoan, baxu lerroak eta beste konponketa batzuk entzuten dira. Nola eramaten dituzue horiek guztiak zuzenekoetara?

Ibes: Lehenik, saiatzen gara estudioan zuzenean jotzen ahalko ditugun kantuak grabatzen; gero, noiztenka, sartzen dugu bigarren gitarra bat, bigarren boz bat… Baxuarena, “octaver” pedal baten bitartez sortzen dugu. Horrek bortxatzen gaitu gitarra riffak hari bakarrekoak izatera, akorderik gabekoak.

Zuzenezkoetan, bigarren bozak eta beste soinu batzuk sample moduan botatzen ditugu, aurretik programatuta.

Zer espero dezake zuen kontzertu batera joaten denak? Nolakoak dira zuen zuzenekoak?

Oihan: Bikote moduko kontzertuetan, agertokiko simetria hori gustatzen zait niri, ikusle bezala. Hori gogoan hartuta, entseatzen gara horrekin jolastera. Konfinamendu garaian, denbora gehiago ukan dugu zuzenekoa lantzeko. Ondorioz, argi programazioak sortu ditugu, eta eszenaren apainketa landu dugu. Ikusgarri borobila proposatzea espero dugu.

Ziurgabetasuna nagusi den egoera batean gaude, baina zein dira zuen asmoak etorkizun hurbilean?

Ibes: Espero dugu ahal bezain laster agertokira berriz igotzea, eta gure disko berria defenditzeko aukera ukaitea. Epe hau kantu berrien sortzeko parada ere bada; saiatuko gara horretan ere gozatzea.

Bukatzeko, test bat. Aukeratu, mesedez: 

Euskal talde edo musikari bat: Willis Drummond

Atzerriko talde edo musikari bat: Cleopatrick

Inoiz ikusitako kontzertu gogoangarriena: The Black Keys

Non egon nahiko zenukete datorren urtean, talde moduan? Matadeixe jendez bete-batean… 2018ko bukaeran han bertan jo genuen, Ro taldearekin batera. Oroitzapen oso ona.