Ander Unzaga musikaria
'Nire musika ez da publiko zabalera ailegatuko, baina helburua ez da inoiz hori izan'
Natxo Velez | EiTB Media
Ander Unzaga pianistak “// ///” bere bakarkako lehen lana kaleratu du, jazz disko oso interesgarria, eskuragarri bezain aberatsa.
Dena erraz irensteko gertu, mamurtuta, ematen diguten garaian, Ander Unzaga pianistak (Leioa, 1980) askatasuna ematen dio entzuleari, “// ///” (Forbidden Colours, 2020) jazz oinarriko diskoan, nahi adina sakon murgil dadin bere melodia, harmonia eta erritmoen itsaso noiz bare noiz harrotuan (“V” kantuko kontradenbora zoragarriak azken horren adibide, berbarako).
[0f2c1] Ander Unzaga - // /// by Ander Unzaga
Lagun amultsua izan daiteke Ander Unzagaren bakarkako lehen diskoko musika; atsegina da, baiki. Hortaz haraindi, baina, diskoko zortzi kantuetan iruindartutako bizkaitar musikariak erronka ere jotzen dio musika paisaia aberats honetako bidezidor luze-zabaletan galdu nahi duenari, disko osoko erritmo aberatsei jarrai diezaien edo musikariek zabaldutako xendretan barnera dadin: pianoa bera, noski, hipnotikoa baita lan osoan zehar; saxoa (“I”, “III”); baxua (“II” eta “VII”); gitarra (“IV”)…
Unzagarekin hitz egin dugu, izenburu misteriotsuko disko honi buruz.
Behar den moduan hasteko, nola “esan” behar dugu zure diskoaren izenburua?
Diskoak, berez, ez dauka izenbururik. “// ///” sinbolo moduko horrek pianoaren tekla beltzak irudikatu nahi ditu, besterik ez.
Badakit ez dela oso gauza ortodoxoa, baina horrela sortu nahi izan dut. Abestiek ere ez dute izenik. Ez nuen inolako hitzik nahi, protagonismo guztia musikak izan zezan.
Hainbat taldetan, batik bat Travellin’ Brothers blues seikotean, teklatua jotzen ibili eta gero, noiz konturatu zinen zure konposizioak argitaratu nahi zenituela? Zergatik etorri da diskoa eta zergatik etorri da orain?
Egia da aspalditik nabilela zuzeneko musikaren munduan; Travellin’ Brothers taldearekin urte askotan zehar eta, azkenaldian, beste hainbat proiekturekin ere. Kontua da nire zuloan izan naizenean, etxean lasai, beti izan dudala pianoan nire gauza propioak konposatzeko joera. Esan nezake nortasun musikal bikoitza daukadala: alde batetik zuzeneko jarduera hori dago eta beste batetik nire alde pertsonala edo.
Goi mailako jazz ikasketak bukatu nituenean, orain dela hiru urte, nire musika grabatzeko ordua heldu zela erabaki nuen. Diskoa pandemiaren aurretik grabatu genuen, baina nahasketa prozesua bertan behera geratu zen. Udan bukatu ahal izan genuen, eta hemen nago azkenik, nire diskoarekin poz-pozik.
Erabaki hori hartu zenuenetik aurrera konposatutako kantuak dira diskoan aurkitu ditugunak edo urteotan sortu izan dituzun kantuak erreskatatu dituzu bakarkako zure lehen disko honetarako?
Abesti gehienak jazz ikasketak egiten nituen bitartean konposatu nituen. Egia da aspaldiko ideiak ere erabili ditudala, pasarte minimalista edo progresibo batzuk, adibidez. Urte askoan nirekin eraman ditut eta diskoan sartu ditut.
Baina bai, diskoaren akabera definitiboa grabazioa hasterako prestatu nuen ozta-ozta.
Noiz erabaki zenuen zer musikari egongo ziren diskoan?
Musikariak aukeratzea errazena izan da: oso argi neukan zeintzuk izan behar ziren. Jazz ikasketek elkartu gintuen, batera gabiltza beste proiektu batzuetan eta ondo ezagutzen dugu elkar. Lagun minak gara, gainera, eta horrelako proiektu pertsonal baterako oinarrizkoa iruditzen zait konfiantza giro batean lan egitea.
Diskoa grabatzeko orduan, zein neurritaraino izan zara zorrotza jatorrizko ideiarekin, buruan zenuen konposizioarekin? Zer tarte du inprobisazioak musikagintza ulertzeko zure moduan?
Egia esan, abestien egitura nahiko itxita eraman nuen entseguetara, eta azkeneko emaitzak zerikusi handia dauka buruan neukan ideiarekin. Nolanahi ere, jazz eremuko musika hauetan berebiziko garrantzia dauka musikari bakoitzaren nortasunak, eta nortasun hori azken emaitzan nabari dela esango nuke.
Horrez gain, jazz inprobisazio modura ulertzen ditugun tarteak ere badaude abesti gehienetan. Eskatu nien gauza bakarra “polit” jo zezaten izan zen. Hortik aurrera, bakoitzak berea egin du, eta oso gustura nago emaitzarekin.
Zer irismen opa diozu lanari? Jazza jendetzarentzako musika ez denez, noraino duzu aurreikusita iristea proiektuarekin maila kualitatibo eta kuantitatiboan?
Prozesu osoan zehar zalantza ugari izan ditut, hori egia da. Baina momentu honetan oso pozik nago, emaitzaz harro. Interpretazioaz gain, Josu Erviti soinu teknikariak azken emaitzari erantsi dion balioa izugarria iruditzen zait.
Hala ere, argi daukat nire musika ez dela publiko zabalera ailegatuko, baina helburua ez da inoiz hori izan. Musika instrumentala egiten dugunok argi daukagu gure lekua zein den.
Egia da Forbidden Colours diskoetxean egoteak jazz mundutik urrun dauden entzuleengana hurbil nazakeela, eta, zentzu horretan, pozik egongo naiz gure lana entzuten duenak atseginez egiten baldin badu. Nahikoa izango dut horrekin, benetan.
Erantzun kualitatiboarekin poz-pozik egongo naiz, positiboa baldin bada. Kuantitatiboa badakit ez dugula izango (kar-kar-kar).
Garai gorabeheratsuak dira, eta seguru asko koronabirusak hankaz gora jarriko zizkizun planak, kontzertuei dagokienez. Nolako zuzenekoak egitea duzu buruan?
Egia da pandemia egoera honek zuzenean jotzeko hainbat eta hainbat aukera zapuztu dituela. Hala ere, zorionez, izango dut proiektua jendaurrean aurkezteko aukera, non eta nire herrian gainera. Maiatzaren 7an izango da, Kultur Leioan zehazki. Ez zait leku hoberik bururatzen, eta benetan eskertuta nago niretzat hain garrantzitsua izan den aretoaren ateak ireki dizkidatelako.
Zuzeneko aurkezpenetan, diskoaren espiritua islatu nahi dut, dinamikak asko azpimarratu, musika oso behera eta oso gora eraman, kontrastea esajeratu. Lortuko dudan edo ez jakin nahi duenak badaki nora hurbildu.
Zer asmo musikal dituzu aurrerantzean?
Nahiko eroso nago eman dudan aurrerapauso honekin, eta gustatuko litzaidake gauza anekdotiko bat ez izatea. Badauzkat zenbait ideia hurrengo diskorako… (kar-kar-kar).
Orain, hurrengo hilabeteetan behintzat, zuzeneko kontzertua prestatuko dugu, egoera orokorra hobetzen den neurrian diskoa taula gainera ahalik eta ondoen eramateko; ea lehenengo kontzertuaren ondoren beste zenbait agertzen zaizkidan.