Kargatzen...
Itxi

Elkarrizketa

Melenas: "Abestera, dantzara eta negarrera bultzatzen zaituen musika atsegin dugu"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Garage pop talde nafarrak ibilbide meteorikoan aurrera jarraitzen du, zailtasun guztien despit. 2020an “Días raros” diskoa argitaratu zuten, eta Music Moves Europe Talent Award saria irabazi dute.

Melenas taldeak 2020an argitaratu zuen "Días raros" diskoa. Argazkia: Lucía Salas.

Rosalía, Fontaines D.C., Dua Lipa… Entzun duzue horien berri? Bada, Melenas Iruñeko garage pop laukoteak artista horien lekukoa hartu du Music Moves Europe Talent Award Europar Batasunak “gaurko eta biharko europar soinuak” ordezkatzen dituzten artista berriei ematen dizkien sarien palmaresean.

Oihanak (gitarra eta ahotsa), Leirek (baxua eta ahotsa), Mariak (teklatua) eta Laurik (bateria) osatzen duten taldeak, doinu argitsu eta dirdiratsuko baina ahogozo oniriko eta melankolikoko popa egiten duen laukoteak, urtarrilaren 15ean lortu zuen saria. 2020 arraroa atzean utzi zuen, horrela; urte dontsu horrek, besteak beste, taldearen ibilbide supersonikoa (bi disko, EP bat eta handituz doan nazioartekotze prozesua, hiru urtean) gelditu zuen, baina “Días raros” bigarren diskoa (Elsa Records, Snap! Clap! Recs, Trouble In Mind) ere ekarri zuen.

Berakien hitz egin dugu, Europa mailako sari bat eta Dabadaba Donostiako aretoan bi sold out eman dizkion asteburuko emozioak apur bat baretutakoan.

Music Moves Europe Talent Award irabazi berri duzue. Nola bizi izan duzue eta zer garrantzi maila ematen diozue?

Urte hauetan gertatu zaigun ia guztia bezala, harridura eta ilusio handiz bizi izan dugu. Demasa iruditzen zitzaigun hainbeste talderen artean izendatuta geundela jakitea; gero, sariaren inguruko informazioa biltzen gindoazen heinean, konturatu ginen zelako laguntza emango digun, maila ekonomikoan ez ezik, nazioarteko proiekzioari dagokionez ere,

Horren berri jasotakoan, ametsetan hasi ginen: bidaiak, aretoz areto abentura berriak jende berria ezagutzen (gure ametsa zen 2020rako)… Gainera, aurreko urteetan izendatuta egon diren talde eta artistak ikusita, hor egotearekin benetan pribilegiatuak garela uste dugu. Horren aurrean, honakoa etorri zitzaigun burura: “Zer diozu? Benetan!”. Izugarria iruditzen zaigu.

Eta azkenik, irabaztea energia txute ikaragarria izan da, eta aukera oso handia, egoerak ahalbidetuz gero, ematen dizkiguten erraztasunekin Europan zehar bira bat antolatzeko.

Hau guztia gauzatu ahal badugu, iruditzen zaigu aukera oso handia izan daitekeela saria jaso ezean nekez iritsiko ginen tokietan jotzeko, publiko gehiagorengana iristeko eta nazioartean itzal handiagoa izateko. Nazioarteko diskoetxe batekin, Trouble in Mind Recordsekin, hitzarmena lotu genuenean buruan geneukana gauzatzeko: munduan zehar jo eta faltan ditugun abenturatxo horiek bizi!

Argazkia: Lucía Salas

South by Southwest (SXSW) eta Eurosonic nazioarteko azoketan eta New York Fashion Weeken jo duzue. Nola iritsi zarete horrelako erakusleihoetara eta zer eman diote kontzertu horiek taldeari?

Austineko SXSWekoa nazioarteko lehen esperientzietako bat izan zen, eta musika mailan eta maila pertsonalean gehien eman digunetako bat. Epea itxi baino egun bat lehenago eman genuen izena, eta harrituta gelditu ginen onartu gintuztenean. Lehen diskoa atera eta hilabete gutxira joan ginen, eta agertokian lasaiago ibiltzen lagundu zigun, astebetean hamar kontzertu eman baikenituen. Horrez gain, beste ate batzuk zabaldu zizkigun, hilabeteren buruan Frekender Fest Glasgowko jaialdian jotzeko esaterako, eta jende zoragarria ezagutzeko, azken finean.

Eurosonicen eta gisa horretako jaialdietan jotzeak ikusgarritasuna ematen dizu promotoreen aurrean, ateak ireki diezazkizuke, eta guri, gainera, oso garrantzitsua iruditzen zaigun zerbait ere ematen digu, Espainiatik kanpoko publikoarekin konektatzea.

New Yorkekoari dagokionez, bertara iritsi ginenean kontatu zigutenez, Ulla Johnson bere desfilerako aukeratu gintuen diseinatzailearen senarrak gustuko zuen gure taldea aurretik ere, eta Ullaren proposamenarekin bat etor gintezkeela pentsatu zuen. Ullak gure musika entzun zuen, eta mail bat idatzi zigun, New York Fashion Weeken jotzera gonbidatzeko. Ezin genuen sinetsi. Zoratuta gelditu eta gero, handik hilabete batera, hara joan ginen.

Zer alde dago ohiko agertokietatik horrelako kontzertuetara?

Areto eta jaialdietan jotzea eta agertoki honetan jotzea bai, berezia izan zen benetan, testuingurua oso bestelako mundu bat izan baitzen. Modeloekin batera entseguak egin behar izan genituen, dena desfilearen erritmora egokitzeko: kantuak moldatu genituen tarte ezberdinetan ondo sartzeko. Esperientzia ikaragarria izan zen, eta ez genukeen inoiz biziko jotzera joan izan ez bagina.

Dias Raros by Melenas

 “Días raros” (2020) zuen bigarren diskoa da, lehenengoa (2017) taldea sortu eta denbora gutxira grabatu eta gero. Lehenengoko zer elementu gorde nahi zenituen eta zein, berriz, aldatu?

Gure lehen diskoa grabatzera joan ginenean, oso esperientzia gutxi genuen, musikari eta talde moduan, eta iritsi ginenean ez genuen askorik pentsatu… ezeren gainean. Gutako batzuentzat lehen aldia zen estudio batean, eta ez genuen batere eskarmenturik. Kantu batzuk bertan bukatu genituela esan daiteke.

Bigarren disko honetarako, kontzertu asko genituen atzean, entsegu asko eta grabatu nahi genuen horren kontzientzia argiagoa; hots, detaileak, ekoizpena, gehiago landu ditugu, eta, besteak beste, sinte eta teklatuei aurreko diskoan baino garrantzi handiagoa eman nahi genien. Are gehiago, bi kantutan ez dago gitarrarik; teklatua dago haren ordez.

Dena dela, gure soinua gordetzen dugula uste dugu, nahiz eta detaileak gehiago zaindu eta gure tresnekin esperientzia handiagoa izan. Horri esker, gure erregistroak apur bat gehiago zabal ditzakegu. Baina uste dugu disko honetako eta lehen LPko eta EPko kantuak entzunda, soinu jakin bat gordetzen dutela, hitzekin batera, guri buruz hitz egiten duena.

Pozik zaudete “Días raros”ek izan duen harrera onarekin?

Superpozik. Diskoa pandemia eta itxialdia gorabehera argitaratzea erabaki genuenean, zalantzak izan genituen, noski: horrek guztiak harrera zailduko ote zuen, jendea diskoak entzuteko prest egongo ote zen, zer gertatuko ote zen kontzertuak egitea eta diskoa zuzenean aurkeztea ezinezkoa zelako, diskoa aurkezteko birarik egin ezinik…

Baina, zorionez, pertsona askorengana iritsi gara, jendeak eta hedabideek primeran hitz egin dute diskoari buruz eta hiri batzuetara joan ahal izan gara diskoa aurkeztera. Eta, arraioa, oso eskertuta gaude horregatik guztiagatik.

Argazkia: Dani Cantó

Nola jasotzen da pandemiak taldeari jo dion kolpea, batik bat nazioartera begira goraka eta goraka ari zen bidean aurrera ari zinetenean?

Esan dugun bezala, nahitaez talde guztiei gertatu zaien moduan, pandemiak ez digu aukerarik eman birak egiteko eta espero genuen bezala jotzeko. Eta hori saria eta energia dosi handia zen guretzat, diskoa konposatu, grabatu eta promozionatzeko lan eskerga egin ondoren.

Hori gorabehera, jendea etxean egoteak diskoa publiko gehiagorengana iristea ahalbidetu duela uste dugu, jendeak denbora gehiago baitzuen entzuteko, eta, gainera, bidali zizkiguten iruzkinen arabera, batzuei lagundu egin zien azken urte honetan egokitu zaigun kaka zahar honetan murgilduta geundela egun hobeak pasatzen. Guri horrek ilusio handia egin digu, hori maite dugu musika entzuten dugunean; laguntzea, musikak abestera, dantzatzera eta negar egitera bultzatzea.

Gelditu behar izan dugunez, denbora gehiago izan dugu elkarrizketak egiteko eta diskoaren promozioa egiteko. Gainera, buruari eragin behar izan diogu jendearengana beste era batera iristeko eta argitaratu berri den disko baten energiari eusteko. Etxetik bideoklip bat egin dugu, eskura genituen baliabideetara egokitutako bertsioak, instagram live eta zoom mordoa hedabide nazional eta atzerrikoekin, eta, tira, frustrazioa ere izan da tarteka, nahi beste jo ezin genuelako, baina, lehen esan dizugun bezala, jotzeko aukera izan dugu gutxienez. Ez da gutxi!

Taldea 2016an sortu zenutenetik, asko aldatu dira taldearen helburuak eta musikarekin duzuen harremana edo berdinak dira, nahiz eta taldeak beste dimentsio bat hartu duen?

Nahitaez, asko aldatu dira biak ordutik, hasi ginenean gure helburu bakarra entseguak egiteko batu, ondo pasatu eta, hori bai, han-hor-hemen kontzerturen bat egitea baitzen.

Orain, gure bigarren diskoa kalean den, nazioarteko diskoetxe batean (Trouble In Mind) gauden eta saria jaso dugun honetan, kanpora joateko irrika bizian gaude!

Egoera hobetzea eta laster baimentzea espero dugu. Musikarekiko harremanak berdina izaten jarraitzen du, baina orain barrutik bizitzeko moduan gaude, eta horretaz ohartzeak liluratu egiten gaitu oraindik.

Argazkia: Mirari Echávarri

Zailtasunak zailtasun, jotzen jarraitzen duzue, asteburuan Dabadaban egindako bi sold outek erakusten dutenez. Nola bizi da orain agertokira igo ahal izatea?

Esaten duzun bezala, ziurgabetasun biziko egoera honetan, agertokira igotzen garen aldiro sari bat jasotzen dugu. Publikoarekin bat egitea eta kontzertuetan sortzen dena talde bat izatearen alde onenenetakoa da. Eta, nahiz eta gaur egun baldintzak eta kontzertuen formatuak ez diren lehen zirenen parekoak giro hori sortzeko, biziki estimatzen dugu, bizitzen ari garen egoera honetan, jo ahal izatea eta, gainera, elkarrekin bidaiatzea, toki berriak bisitatzea eta jendearekin biltzea.

Ziurgabetasun honen barruan, zein asmo dituzue?

2021erako gure asmoak diskoa hiri gehiagotan aurkeztea eta europar saria hortik zehar ospatzea izango dira (kar-kar). Baina, jende guztia bezala, egoera hobetzeko zain gaude, honen guztiaren aurretik bizi genuen normaltasun zaharra deritzon horretara hurreratzen ote garen.

Bukatzeko, test bat:

Euskal talde edo bakarlari bat

Aventuras de Kirlian. Donostiako itsasoaren hondoan dir-dir ari den pop perla bat.

Nazioarteko talde edo bakarlari bat

Broadcast. Begiak itxi eta infinitura bidaiatzea.

Aretorik gogokoena

Nébula: jotzera etorri zirenean Zebra Huntek esan zuten bezala, “the center of the universe”. Eta guk gehituko genituzke Dabadaba, The old hairdresser (Glasgow) eta Hotel Vegas (Austin)… Badaude batzuk.

Une bat, taldearen ibilbidean

Gure lehen SXSWa.

Melenasentzako desira bat

Chicagon Trouble In Mind gure diskoetxea bisitatu ahal izatea, oso zoriontsu egingo gaituen AEBko bira baten barruan (kar-kar).