Emakumeen Nazioarteko Eguna
Gure Ahotsak kontzertua, martxoaren 7an, Donostian
N. V. | EITB Media
Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira Victoria Eugenia antzokiko oholtzan, "emakume musikarien lana balioesteko kontzertuan".
Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado Victoria Eugenia antzokiko oholtzan izango dira martxoaren 7an, 19:00etatik aurrera, Gure Ahotsak kontzertuan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldian.
Gure Ahotsak 2019an egin zen estreinakoz, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, "gure lurraldeko emakumezko musikariek duten talentu artistiko aparta azpimarratzeko asmoz", Donostia Kulturatik azaldu dutenez. Sara Mansillak, Olatz Salvadorrek, Elena Setienek, Izarok, Ainhoa Larrañagak, Sara Zozayak, Marenek eta Belakok jo dute orain arte.
Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 euroan, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Idoiak, Idoia Asurmendiren proiektuak, udaberrian kaleratuko du lehen diskoa: Ilun eta abar; Matilda (pop, R&B, rock eta soula) Maria Amolategi konpositore eta abeslariak eta Victor Sanchez bateria eta ekoizleak osatzen dute; La Basu (rapa eta hip hopa) Elene Caballero bilbotarraren ezizena da, eta Niña Coyote eta Chico Tornadok mundu osoan zehar aurkeztu dituzte orain arte ateratako hiru diskoak.