Itxi

Kontzertua

Baieztatuta: Bruce Springsteen Donostiara itzuliko da 2012an

Erredakzioa

Get In enpresak baieztatu duenez, ekainaren 2an arituko da 'The Boss' Gipuzkoako hiriburuan, disko berria atera osteko mundu biraren baitan. Sarrerak abenduaren 2an jarriko dituzte salgai.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Baieztatu egin dute: Bruce Springsteen Donostian izango da ekainaren 2an, Anoeta estadioan. Azken egunetako zurrumurruen ondoren, Get In enpresak baieztatu egin du: musikari estatubatuarra Gipuzkoako hiriburura itzuliko da, 2012an kaleratuko duen disko berria zuzenean aurkeztera. Ekainaren 2an izango da hitzordua, Anoeta estadioan, 21:00etan.

Sarrerak abenduaren 2an jarriko dituzte salgai, 65 eta 83 euroren truke.

Ez da lehenengo aldia The Bossek Gipuzkoako hiriburua bisitatzen duena. 2008ko udan agertoki berean eskaini zuen kontzertua eta Penintsulako birarako, Maria Cristina hotel ezaguna hartu zuen kuartel nagusitzat. Asko gustatu omen zitzaion Donostia eta "itzuliko naiz" batekin agurtu zuen. Esan eta egin. 2009an Bilbon jo zuen arren, lo Donostian egitea erabaki zuen eta abuztuan familia eta guzti itzuli zen opor egun batzuk pasatzera. Turista oro bezala, Alde Zaharretik paseatu eta erosketak egiten ibili ziren. Badirudi Euskal Herriarekin eta bertako zaleekin lotura berezia duela 'The Boss'ek.
Bilboko San Mamesen eskainitako kontzertua "Desde Santurce a Bilbao" kantarekin hasi zuen eta zaleak bereganatu zituen euskaraz agurtuta.

Mundu mailako birari hasiera, Sevillan

2012an lan berria kaleratuko du musikari estatubatuarrak, eta disko berri hori aurkezteko mundu mailako bira Sevillan abiatuko du, maiatzaren 13an. Ondoren, Bartzelonan izango da (maiatzak 17), Donostian (ekainak 2) eta Madrilen (ekainak 17).

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)