Martxoak 5-7
Musika-Musicak Bilbora eramango du Viena
N. V. | EITB Media
Jaialdiaren 20. edizioak 36 kontzertu eramango ditu Bilboko hainbat agertokitara, martxoaren 5, 6 eta 7an.
Musika-Musica jaialdiaren 20. edizioa martxoaren 5, 6 eta 7an egingo dute, Bilbon, eta Vienari eskainita egongo da. Guztira, 36 kontzertu emango dituzte Bilboko hainbat agertokitan, eta Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahlerren piezak entzungo dira horietan.
Irekierako emanaldia ostiralean, martxoak 5, izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko auditorioan. BOSek joko du, Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean, Bilboko Koral Elkartearekin, Miren Urbieta-Vega sopranoarekin, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin, Mikeldi Lopez tenorearekin eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin batera. Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean opus 125 "Korala" ospetsua joko dute.
Gainera, beste emanaldi azpimarragarri batzuk izango dira, hala nola Nafarroako Orkestra Sinfonikoarena (larunbata, 12:30ean, Euskalduna jauregian) eta Judith Jauregui pianistarena (larunbata, 18:00etan, Bizkaia aretoan), bai eta Euskadiko Orkestrarena ere (larunbatean, 19:30etik aurrera): Gustav Mahlerren 4. Sinfonia sol maiorrean joko du, Serena Saenz sopranoarekin batera, Semyon Bychkov zuzendariaren agindupean.
Halaber, nabarmentzekoa da martxoaren 7an, igandearekin, 19:30ean, Euskalduna Jauregiko auditorioan izango den Mozarten Requiem re minorrean K.626 obraren emanaldia. Iker Sanchezek zuzenduko duen Bilbao Sinfonietta orkestrak interpretatuko du, Bilboko Koral Elkartea, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Maite Maruri mezzosopranoa, David Alegret tenorea eta Christopher Robertson lagun dituela.
Bestalde, hilaren 6an eta 7an, Elkarte Filarmonikoan, Les Dissonances orkestra europarrak, David Grimalen gidaritzapean, Mozarten biolinerako kontzertuen integrala interpretatuko du, eta Azkuna Zentroan, berriz, ] W [ Ensemble-k Mozart eta Beethovenen haizerako kintetoak joko ditu.
Sarrerek 6 eta 12 euro arteko prezioa dute, zenbakituta daude eta covid-19aren aurreko neurri guztiak hartuko dituzte.