Itxi

Ekainaren 21ean

Amaia Zubiriak jasoko du Adarra saria

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, garaikurra jaso eta kontzertua eskainiko du Victoria Eugenia antzokian.

Ekainaren 21ean kontzertua eskainiko du Donostian, saria ospatzeko.

Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra Saria, ekainaren 21ean. Musikaren Europako Eguna den horretan, donostiar musikariak garaikurra jaso eta kontzetua eskainiko du Victoria Eugenia antzokian.

Jose Joaquin Forcada "Forki" kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatu dute saria Zubiriari ematea aho batez erabaki duen batzordea.

“Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan”, haien hitzetan.

Halaber, kantu tradizionalak gaurkotzen eta euskal zinemaren soinu bandetan egindako lana ere izan dute kontuan.

Amaia Zubiriak hau esan du Adarra saria jasoko duela jakin duenean: "Bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian".

Kontzertua

Sariaren kariaz, Zubiriak kontzertua eskainiko du ekainaren 21ean Victoria Eugenian musikari talde zabalaz inguratuta: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne...

Hainbat kolaborazio ere izango ditu, gainera: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko.

Kontzerturako sarrerak gaur jarri dituzte salgai, 20 euroan.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute.