Elkarrizketa
Zea Mays: "Oraina bizi behar da"
Natxo Velez | EITB Media
Bilbotar laukotea “Adore” lanarekin dator, bi kantuko EP digital batekin, eta beraiekin hitz egin dugu bilduma honetaz gehiago jakiteko.
Azalkeriaren garaian, ohikotik ateratzea abentura epikoa den tenorean, nortasuna izatea eta berorri eustea balio handia da, epopeia bateko protagonista temati bihur zaitzakeen hautua. Eta Zea Maysek aspalditik eraiki du bere nortasuna, agerikoa denez, eta doitzen dihardu: unibertso musikal identifikagarria eraiki du ia 25 urteko ibilbidean diskoz disko, akordez akorde eta leloz lelo.
Kasu, dena dela. Koherentzia eta immobilismoa ez dira gauza bera, ezta hurrik eman ere, are gutxiago sorkuntzari gagozkiola. Unibertso musikal horretako zutabeak (Aioraren ahots indartsu eta zoragarria, esan gabe doa; Asier Basaberen zehaztasuna eta indarra baterian; Ruben Gonzalez baxu-jotzaile zoragarriaren sormena eta pisua; eta Pitiren gitarra originalak) okertu gabe, aurrerapausoak egin ditu laukoteak etengabe: abesti biribilagoak, ekoizpen zainduagoak, kontzertu bikainagoak, “Negua joan da ta” lanaren arrakasta ikaragarria, elektronika gero eta presenteagoa kantuetan…
Orain, koronabirusaren ondorioz Atera diskoa zoritxarrez behar bezala aurkeztu gabe, Adore dakarte besapean, bi kantuko (“Adore” eta “Zuk borroka hasi”) EP digitala. Maiatzaren 21ean kaleratuko dute, eta eitb.eus-en primizian ikus daitekeen bideoa da lehen aurrerapena: “Adore”.
Aiora Renteria taldeko kantariarekin hitz egin dugu, lan honetaz gehiago jakin nahian.
Ricky Falkner ekoizlearengana (Berri Txarrak, Love of Lesbian, Quique González…) jo duzue oraingoan Adore EPa grabatzeko. Zeren bila jo zenuten La Casamurada estudiora?
Aspalditik egon gara kontaktuan Rickyrekin berarekin lan egiteko, eta aurten lortu dugu behingoz bion agendak koordinatzea. Rickyk oso gustura lan egiten du La Casamuradan, eta gu poz-pozik joan gara estudio berri bat ezagutzera. Leku ederra eta estudio baketsua da, lan egiteko oso aproposa.
Ekoizle horrekin grabatuko zenituztela jakinda konposatu zenituzten abestiak edo konposizio horietarako ekoizle aproposa zelako aukeratu zenuten Falkner? Zer garapen izan dute kantuek?
Kontzertu asko bertan behera geratzen zirenez, nahiko frustraturik sentitu gara, eta, ez etsitzeko, lokalean abesti berriak egiten hasi ginen. Tartean, ekoizleak eta estudioak bilatzen egon ginen.
Eta dena oso azkar joan da. Abestiak oraindik bukatu barik zeudela, Rickyk baietz esan zion gure proposamenari, eta abestiak oso modu biluzian eraman genituen estudiora, aukera hori ez galtzeko.
Han, pixka bat entseatu, eta grabatzen hasi ginen jarraian. Ekipo oso ona egin dugu Ricky eta Jordirekin (Jordi Moura, soinu ingeniari eta nahaslea); moldaketa batzuk justu grabatu baino lehen egin ditugu. Lan polita izan da, erreza eta oso artistikoa eta sortzailea.
Ziurgabetasuna eta zalantza bizi izan ditugu han-hor-hemen azken urte luzean, baina Zea Maysek ahal izan den neurrian kontzertuak ematen eta konposatzen jarraitu du. Zer ematen dizue musikak eta nola azalduko zeniokete jendeari ia 25 urteren ondoren kantuak sortzeko grina horrek hor jarraitzen duela?
Musika eta Zea Mays gure motorra dira, eta ezin ditugu inoiz geldirik utzi. Gaztelaniaz esaten den bezala, adaptarse o morir. Ez dago beste legerik!!!
Ez da erraza izan: Atera disko luzea kaleratu eta gutxira, pandemia kaka honetan sartu ginen eta ezin izan dugu diskoa behar den bezala aurkeztu. Horregatik, kontzertu guztietan Atera zuzenean aurkezten jarraituko dugu, Adore EPko abesti berriekin nahasita.
Rock oinarri klasikoa du zuen musikak, baina gero eta toki gehiago dute sintetizadoreek (“Zuk borroka hasi” kantuan nabari da gehien). Jatorritik izaten dituzue kontuan edo gero sartzen dituzue, “osagarri” moduan?
Gauza poliki-poliki joan da. Lehen, abestiak bukatuta zeudenean sartzen genituen, osagarri gisa. Gero, konposatzean ere zati batzuetan sartzen hasi ginen, eta orain beste instrumentuak bezalakoa da sintetizadorea. Hasiera-hasieratik dago denerako, baita “Adore” abestian ere.
Zer aldaketa dakarzkizu zuzenekoetan sintetizadoreei adi egon beharrak?
Abesti gutxi batzuetan erabiltzen dut sinte-a; besteak ordenagailuarekin botatzen ditugu, kantatzen gusturago egoteko.
Bi kantuko single edo EPa aurkeztuko duzue, ohiko diskoa kaleratu beharrean. Merkatuaren bilakaerari jarraitu eta singleen formatua hobetsi duzue edo beste zerbaiten ondorioa da erabaki hori?
Egoerak derrigortu gaitu horrela lan egitera. Oraina bizi behar da, eta hobe dugu abestiak momentuan sortu, grabatu eta publikatu, hamar abesti izan arte itxaron beharrean, gaur egun etorkizuna oso aldakorra denez, ezinezkoa baita luzerako ezer planifikatzea.
Momentuz, horrela jarraituko dugu, onerako edo txarrerako. Pare bat abesti ditugunean, grabatu eta publikatu. Hau da gure asmoa, gero gerokoak.