Uztailak 21-25
Hasi da Donostiako Jazzaldi ahalik eta normalena
N. V. | EITB Media
60 kontzertu izango dira guztira zortzi agertokitan, eta nazioarteko izenak bueltan dira, iazko hutsunearen ondoren.
56. edizioa, bost egun, zortzi agertoki, 60 emanaldi guztira eta horietatik 29 doan. Horiek dira gaur hasi eta hilaren 25ean amaituko den Donostiako Jazzaldiko zenbakiak.
Eta zenbakiak jakinik, izen nagusiak, beste hauek: Brad Mehldau, Cécile McLorin Salvant, Silvia Pérez Cruz, Kenny Barron, Noa, Chucho Valdés, Jorge Pardo, Buika, Gonzalo Rubalcaba, Bill Frisell, Marc Ribot, Maro Mezquida, Marcin Masecki… Nazioarteko izenak bueltan dira Donostian, murrizketen ondorioz iaz kanpoko artistak ekartzerik ez izan eta gero.
Jazzaldiaren antolatzaileek "emakumezko ahots anitzak eta piano-joleek eskainitako kontzertuen kopuru handia" nabarmendu dituzte programazioari dagokionez.
Euskal ordezkaritza 23 bakarlari eta taldekoa izango da, eta Kursaaleko terrazetan izango da beren lana entzungai: Les Fous, Swingtronics, Dos, Horda, Sara Mansilla, De 2 en Blues Band, No More Jazz Brass Band, Sara Azurza...
Donostiako Jazzaldia Saria
2021eko Donostiako Jazzaldia sariak Chucho Valdesi eta La Locomotora Negra taldeari emango dizkiete.
Bebo Valdés aitak irabazi eta hogei urtera jasoko du Chuchok saria, gainera. La Locomotora Negrak, bestalde, jaialdiaren hasieran jaso du saria. Kataluniako jazz talde beteranoenetako bat da, eta agur bira egiten ari da sortu zenetik berrogeita hamar urtera.
Streminga
18 artistaren kontzertuak streamingez ikusi ahalko dira: Trinitate plazako bederatzi kontzertu eta Victoria Eugeniako guztiak.