Itxi

Heriotza

Joey Jordison Slipknot taldearen sortzaile eta bateria-jotzailea zendu da

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Jordison, metalaren historiako bateria-jotzaile azpimarragarrienetakoa, ez zen Slipknoteko kidea 2013tik.

Joey Jordison, Slipknotekin zuzenean. Argazkia: Efe.

Joey Jordison Slipknot estatubatuar metal taldeko bateria-jotzaile ohi eta sortzaileetako bat hil da, 46 urte zituela, familiak iragarri duenez.

"Joeyren heriotzak bihotza hutsik utzi digu, pena deskribaezinez", esan du familiak "Rolling Stone" aldizkarira igorritako ohar batean, zeinetan ez baitute heriotza zerk eragin dion argitu. Musikariaren lagunei zuzendu zaizkie bertan, "bere umore zorrotzaren, nortasun txeratsuaren, bihotz handiaren eta musikarekin zein familiarekin zerikusia zuen guztiarekiko maitasunaren" berri izan zutenei.

Jordisonek 1995ean sortu zuen Slipknot, Paul Gray baxu-jotzailearekin (2010ean hil zen) eta Shawn Crahan perkusio-jotzailearekin batera, eta 2013an utzi zuen taldea.

Talde utzi baino lehentxeago, zeharkako mielitisa detektatu zioten, esklerosi anizkoitzaren ondorioz, eta jotzeari utzi zion.  

Slipknoten ez ezik, Jordisonek Murderdolls taldean gitarra jo zuen eta bateria astindu zuen Scar the Martyr eta Sinsaenum taldeetan ere.