Jaialdia
Flamenco on Fireren programazioa larunbatean abiatuko dute Vianan
N. V. | EITB Media
F on Firek jaialdiaren lagin bat eramango du Vianara, Nafarroa Arenara eta Lizarrara, abuztuaren 25etik 29ra Baluarten kontzertu nagusien zikloa hasi aurretik.
Vianak Flamenco on Fire jaialdiaren programazioa irekiko du larunbatean, abuztuak 7, San Pedroko elizaren hondakinetan. Jesus Carbonell nafar gitarristak "Guitarra del Herrero" disko berria aurkeztuko du bertan, eta Pastora Galván sevillar dantzariak "Pastora Baila" ikuskizuna aurkeztuko du jarraian.
F on Fireri dagokio kontzertua, Flamenco on Fire jaialdiaren programazioa Lizarra, Viana eta Nafarroa Arenara hedatzeko ekimenari. Horrela, publiko berriarengana eraman nahi dute flamenkoa jaialdiaren antolatzaileek.
Abuztuaren 18an, Nafarroa Arenak India Martinezen kontzertua hartuko du, eta abuztuaren 20an Lizarran Pepe Habichuela eta Kiki Morente arituko dira, baita Angel Ocray eta Luis Chaves "El Piti" nafarrak ere.
Flamenco on Fire
Atariko horien ondoren, Flamenco on Fireren zortzigarren edizioak abuztuaren 25etik 29ra eskainiko ditu kontzertu nagusiak Baluarten: Niña Pastori (hilak 26); Manuel Liñán (hilak 27); Pansequito eta Miguel Salado, Antonio Reyes eta Dani Morón eta Israel Fernández eta Diego del Morao (hilak 28); eta Concha Buika (hilak 29).
Bestalde, kontzertu errenkada horretaz gain, Faletek "Prefiero ser así" kontzertua eskainiko du Tuteran abuztuaren 25ean, eta Javier Ruibalek Gayarre antzokian joko du, Iruñean.
Gainera, flamenkoa udaletxeko balkoira, Kondestable Civivoxera eta Ezpeleta jauregira ere iritsiko da.