Itzulera
The Beach Boys Grammy sarien galan arituko dira zuzenean
Foster The People eta Maroon 5 hautagaiak ere igoko dira taula gainera, igandean, Los Angelesen.
The Beach Boys 60ko hamarkadako talde mitikoa agertokietara itzuliko da, bi hamarkada isilean eman ostean. Grammy sarien galan itzuliko da, datorren igandean, Los Angelesen, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
"Surfin' Safari", "Surfin' USA" eta "Good Vibrations" abestien egileak Foster the People eta Maroon 5 hautagaien agertoki berean arituko dira sari horiek emateko ekitaldian.
Brian Wilson, Mike Love, Al Jardine, Bruce Johnston eta David Marks dira The Beach Boys, eta 2012an, taldearen 50. urteurrena betetzearekin batera, agertokietara itzultzea erabaki zuten.
Urte amaieran disko berri bat kaleratzeko asmoa dute, eta bira egingo dute gero. Grammy sariak emateko ekitaldian Adele abeslaria ere berragertuko da: abesti onenaren ("Rolling in the Deep") eta disko onenaren ("21") sariak eskuratzeko faboritoa da. 2011n ahots-kordak sendatzeko ebakuntza bat egin ostean itzuliko da agertokietara.
Beste hauek ere arituko dira ekitaldi horretan: Chris Brown, Coldplay, Rihanna, Foo Fighters, Alicia Keys, Lil Wayne, Bruno Mars, Paul McCartney, Katy Perry, Bruce Springsteen eta Taylor Swift. Grammy sarien 54. edizioa LL Cool J rap-kantariak gidatuko du, eta Los Angeleseko Staples Center pabiloian egingo dute.