Itxi

Heriotza

Dolu-eguna Italiako musikan, Lucio Dallaren heriotza dela eta

Erredakzioa

‘Caruso’ eta beste lan arrakastatsu batzuen egilea bihotzeko baten ondorioz hil da, 68 urte zituela, Montreauxen (Suitza).

Lucio Dalla. Argazkia: Artxiboa

Lucio Dalla Italiako kantautore garrantzitsuenetako bat, ‘Caruso’ eta beste hainbat lan arrakastatsruren egilea, bihotzeko baten ondorioz hil da, 68 urte zituela, Montreauxen (Suitza), Italiako hedabideek jakinarazi dutenez.

Dalla 800 pertsonaren aurrean kontzertu ‘eder’ bat eman eta ordu batzuetara hil da. Pascal Pellegrinok, Montreauxeko kultur denboraldiko zuzendariak, azaldu duenez, Dallak normaltasun osoz eman zuen ‘Questo E’ Amore’ bere azken bilduma-lana aurkezteko kontzertua, Stravinski auditorioan.

Bira martxoaren 30ean bukatu behar zuen, eta beste 12 hiritan jotzea espero zen, besteak beste herrialde hauetan: Frantzia, Belgika, Alemania, Austria eta Luxenburgo. Bira hau Italian hasitakoaren jarraipena zen.

Bere herrialdean egindako azken agerpena San Remoko musika jaialdian izan zen. Bertan, berarentzat konposatutako ‘Nani’ abestia kantatu zuen Pierdavide Caronerekin batera.

‘Caruso’ musika italiarraren maisulanak izugarrizko arrakasta izan zuen 80ko hamarkadan, nazioartean.