Aintzatespena
Joseba Tapiak jasoko du aurten Adarra saria
N. V. | EITB Media
Ekainaren 21ean jasoko du saria lasartear musikariak, eta kontzertu batean ospatuko du, egun horretan bertan, Victoria Eugenia antzokian, Donostian.
Joseba Tapia musikariak jasoko du aurten Adarra saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak "euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko" 2014an sortu zuten saria, Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak ebatzitakoari jarraituta.
Saria emateko, argudio hauek aurkeztu ditu epaimahaiak: "Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere".
Saria jasoko zuela jakindakoan, hauxe adierazi zuen Tapiak: "Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke".
2014tik hona, artista hauek saritu ditu Donostiako Udalak: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera eta Amaia Zubiria.
Joseba Tapiak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, jasoko du saria, Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra, Victoria Eugenia antzokian. Jarraian, kontzertua eskainiko du, musikari hauek lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (baxya), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorra) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).
Tapiak apirilaren 28an antzoki horretan bertan eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du ekainekoak, eta sarrera horiek hitzordu berrirako baliagarriak izango dira.
Ekainaren 21eko kontzerturako sarrerak gaur, apirilak 6, jarri dira salgai, 18 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Sarean.