Musika elektronikoa
Dantz Pointek aurrez aurreko formatua berreskuratuko du
N. V. | EITB Media
Musika elektronikoa Gipuzkoako leku enblematikoetara eramaten duen ekimen honen lehen hitzordua larunbatean, apirilak 30, izango da Lasarte-Oriako Brigiden komentuan.
Dantz Point Gipuzkoako ondarea eta abangoardiazko soinuak uztartzen dituen musika elektronikoko programak aurrez aurreko formatua berreskuratuko du pandemiako bi urteen ondoren, nahiz eta edizio honetan, aurrekoetan bezala, saioak pantailaren bidez ere ikusi ahalko diren.
Gaur, asteazkenarekin, aurkeztu dute Dantz Point 2022, besteak beste, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak, Jokin Telleria Dantzen arduradunak eta Iker Furones (Paolo Solo) eta Paula Cornejok (Furonia), Lasarte-Orian izango den edizio honen lehen saioan arituko diren musikariek.
Aldundiak azaldu duenez, Dantz Pointen saioak "ekintza artistikoak dira, batez ere musika elektronikoko eta abangoardiako saioak, leku enblematikoetan eta bi protagonistarekin: musika eta ondarea".
Dantz Pointen saioa Balenciaga Museoan, 2021ean
Programaren hasiera Paolo Solo eta Furoniaren eskutik izango da. Lehen Dantz Point hau apirilaren 30ean (larunbata) egingo da, 19:00etan, Lasarte-Oriako Brigiden komentuan.
Ondoren, beste ekitaldi batzuk egingo dituzte Tolosako Zumardi Txikian, Oiartzungo Arditurriko meategietan eta Donostiako Kursaaleko terrazetan, baita Irun eta Hondarribian ere. Horien datak aurrerago zehaztuko dituzte.