Itxi

ZETAK BIME PRO-N (II)

"Con hambre no hay pan duro" (ZETAK Kolonbian II)

Pello Reparaz (Bogota)

ZETAK taldea BIME PRO jaialdian parte hartzen ari da, Kolonbian. Pello Reparaz musikariak bertako nondik norakoak aletuko ditu eitb.eus-en.

Pello Reparaz, Bogotan

Kontzertu bakarra ematera etorri eta 5 eman (momentuz). Horrek nahiko ondo laburbiltzen da geure orain arteko Kolonbiako espedizioa zer izan den. Julieta Venegas ezagutu dut, Bad Bunnyren abesti bat primizian entzun eta ZETAKek Jorge Eliécer Gaitán areto mitikoan joko du gaur. Duela astebete nire Arbizuko etxeko balkoian nintzen lasai eserita, eta gaur bizitzak erabateko buelta berri bat eman didala sentitzen dut.

Hoteletik jaialdira 100 metro baino ez daude, eta egunero batetik besterako bidean entzuten denak zoriontsu egiten nau. Etxe bateko leihotik, Frente Cumbieroren abesti bat entzun dut gaur. Autoen irratietatik neurri gabeko enfasia jartzen duten esatariak entzun daitezke oihuka: "¡Caracol Radio, los mejores sonidos del día y Top Caracol a la carta!". Txakur baten zaunka bizia, eta gizon bat "arepas de choclo, arepa boyacense, ajiaco, mazorcada..." eskaintzen. Iruñean ez dira halakoak entzuten.

Jaialdira heldu eta irribarretsu agurtu naute osteguneko gure kontzertua ikusi zutenetako batzuek. Ikaragarria izan zen. Musikaren industriako ehunka pertsonak ikusi gintuzten, eta hori gutxi ez, eta, kontzertuari amaiera emateko, Bomba Estéreo taldeko Liliana Saumet igo zen gurekin abesti bat kantatzera. Horrek ere asko piztu du jendearen arreta, Kolonbiako izarrik handienetako bat baita.

Pello Reparaz eta Liliana Saumet

Hortik, Bogotako erdialdera eramango gintuen furgoneta hartu dugu. Jorge Eliécer Gaitán teatrora eraman gaitu, eta bertan joko dugu gaur, 15:00etan. Hortik beste areto batera goaz, 19:00etan beste kontzertu bat emango dugu eta. Hori ez zen plana, baina ostegunekoaren ondoren kontzertu proposamen piloa jaso dugu egun hauetarako. Denei baietz ari gara esaten. "Hemos venido a jugar" esan diegu hemengo geure kontaktuei. Egunero abentura berri bat den arren, hemen, Kolonbian esaten duten bezala: "Con hambre no hay pan duro".

 ZETAK

Albisteak (1)